Itxi

Athletic Club

Baieztapen ofiziala

Llorentek Juventusen jokatuko du datozen lau denboraldietan

Erredakzioa

Errioxako aurrelaria uztailaren 1ean helduko da Italiako taldera. Horrela, 2017ra arte Llorente Juventusen jokalaria izango da.

2:10
Argazkia: EITB

Fernando Llorente Athleticeko aurrelariak lau urteko kontratua sinatu du Juventusekin. Italiako taldera uztailaren 1ean helduko da, Turineko taldeak gaur baieztatu duenez.

Llorenteren kontratua aurten amaitzen da Athleticen, eta Juventusekin 2017ra arte jokatuko du. Aurrelariak denboraldi bakoitzean jasoko duen soldata ez du zehaztu Italiako taldeak, baina bertako prentsak 4,5 milioi euro izango direla zabaldu du.

Juventusek agiri batean azaldu duenez, Errioxako jokalariak Athleticen jarraituko du denboraldia amaitu arte. Italiako taldeak azken unera arte itxaron du; izan ere, urtarrilean bertan Turinera eramatea nahi zuen.

Iaz elastiko zuri-gorriarekin 29 gol sartu zituen Llorentek, eta Espainiako selekzioarekin Eurokopa eta Munduko Kopa irabazi ditu. Horrela, munduko talde askok fitxatu nahi izan dute, eta jokalariak Bizkaiko taldearekin harremanak hautsi ditu.

Athleticekin kontratua berritzeko Llorentek 5,5 milioi euroko soldata eskatu zuen, baina talde zuri-gorriko zuzendariek milioi bat gutxiago eskaini zioten, eta negoziaketak bertan behera geratu ziren.

"Benetako aurrelari bat"

Llorenteren "fisiko indartsua" azpimarratu du Juventusek; izan ere, "area txikian benetako aurrelaria da eta teknika oso ona du".

Antonio Conte Juventuseko entrenatzaileak Mirko Vucinic Montenegroko aurrelariari erasoan laguntzeko jokalari bat behar zuen. Sebastian Giovinco aurrelariak ez du denboraldi honetan mailarik eman eta Contek alternatiba bat nahi zuen.

"Bilbon oso ondo jokatu duen jokalari bat da, eta gainera datorren denboraldian aske geratuko da (...) Juve aukeratuz gero oso zoriontsu izango gara", esan zuen Contek duela egun batzuk.