Itxi

Athletic Club

1-1, Benito Villamarinen

Zuri-gorriek gehiago merezi izan dute

Erredakzioa

Iraizozek neurketako 1. minutuan egindako penaltiak partida erabat baldintzatu du. Adurizek 1-1ekoa jartzea lortu du, baina Athleticek ezin lortu hiru puntuak.

  • Betis-Athletic (1-1). Argazkia: EFE

    Betis-Athletic (1-1). Argazkia: EFE

Athleticek ezin izan du garaipena lortu Betisen aurka (1-1). Iraizozek penaltia egin du partidako aurreneko minutuan, eta Ruben Castrok gola egin du. Zuri-gorriek zaplasteko handia jaso dute, baina Adurizek berdinketaren gola eskuratu du atsedenladia heldu aurretik. Bigarren zatian, Bilboko taldea nagusi izan da, baina Adrianek gelditu erabakigarriak egin ditu.

Partida aldapa gora jarri zaio Athletici aurreneko minutuan, Gorka Iraizozek penalti tentel bat egin baitio Salva Sevillari. Ruben Castrok gola egin du, hamaika metroetatik, eta Betisek 1-0ekoa jarri du Benito Villamarin estadioko markagailuan. Zuri-gorriek defentsan asko sufritu dute, eta Pepe Melen gizonek bigarren gola egiteko abagune argiak izan dituzte. Hala ere, Campbellen eta Castroren jaurtiketak kanpora joan dira.

Bilboko taldea lehenengo minutuan jasotako kolpe gogorrari erantzuna ematen saiatu da, baina Bielsaren mutilak erasoan oso gaizki aritu dira. Herrerak areaz kanpoko bi jaurtiketa egin ditu, baina baloia ez da sareetara sartu. Norgehiagokako 40. minutuan, Ander Herrerak pase bikaina eman dio Aritz Adurizi, eta aurrelari gipuzkoarrak Adrian gainditu du, buruz-burukoan (1-1). De Marcosek eta Iturraspek bigarren gola lortzeko aukera garbiak izan dituzte atsedenaldia heldu aurretik, baina zuri-gorrien saiakerak kanpora joan dira.

Bigarren zatian, Athleticek gehiago sakatu du erasoan, eta Muniainek bigarren gola lortzeko abagune ederra izan du. Hala ere Txantreako jokalariaren errematea langa gainetik kanpora joan da. Jorge Molinak erantzuna eman du, baina Betiseko aurrelariak langa gainetik bidali du baloia. Zuri-gorrien bigarren gola lortzeko abagune argiena Markel Susaetak izan du, 63. minutuan, baina eibartarrak baloia kanpora bidali du.

Apurka, norgehiagoka erasoan animatu da, eta bi taldeak erasoan murgildu dira. Bielsaren gizonak nagusi izan dira, baina Adrian atezainak gelditu erabakigarriak egin ditu. Adurizek bi gol aukera argi izan ditu, baina Betiseko atezainak bikain erantzun du. Markel Susaetak ere 1-2koa lortzeko abagune garbia izan du, 84. minutuan, eta Adrianek baloia kornerrera desbideratu du. Partidako azkeneko minutuan Adurizek izna du azkeneko aukera, baina Sevillako taldeko atezainak beste gelditu erabakigarri bat egin du.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Betis: Adrian; Angel, Mario (Paulao, 46. minutua), Amaya, Chica; Beñat, Cañas (Ruben Perez, 66. minutua), Salva Sevilla (Nono, 38. minutua); Joel Campbell, Jorge Molina eta Ruben Castro.

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Laporte, De Marcos; Gurpegui (Aurtenexe, 46. minutua), Iturraspe; Susaeta, Ander Herrera, Muniain (Ibai, 80. minutua); eta Aduriz.

Golak: 1-0: 3. minutua, Ruben Castro (penaltiz). 1-1: 40. minutua, Aduriz.