Itxi

Athletic Club

Hirugarrena jarraian

Porrot mingarria jaso dute zuri-gorriek Rayoren aurka (1-2)

Erredakzioa

Perez Montero epailearen laguntzailea okertu egin da, eta Rayoren aldeko penaltia adierazi du 64.ean. Jokaldi horrek neurketa baldintzatu du.

4:29

Athleticek hirugarren porrota jarraian jaso du Rayo Vallecanoren aurka, San Mamesen, 1-2ko markagailuarekin galduta.

Oso irekia izan da Bilbon jokatutako lehen zatia. Ausart zelairatu da Rayo, eta aurreneko abisua 3. minutuan eman du Lassek, baina ez du ezkerreko hankarekin asmatu. Hiru minutu geroago Adurizena izan da aukera. Herrerak ondo ikusi du pasea emateko lekua, baina donostiarraren errematea aldaratzea lortu du Rayoko Ruben atezainak.

Arriskuarekin aritu da Rayo, baina ez du baloiaren jabetza lortu. Bielsaren Athleticek lanean jarraitu du markagailua estreinatzeko xedez. 19.ean, lortzeko zorian izan da Susaeta, baina baloia kanpora joan zaio, gutxigatik. Azkeneko minutuak zakarrak izan dira, jaberik gabekoak eta arrisku gutxikoak. Atsedenaldian, 0-0.

48. minutuan, Athleticek zelai erdian utzitako hutsean aprobetxatu du Lassek Rayoren gola egiteko. Bielsak Gurpegi zelairatu eta Amorebieta kendu du. Azken honek txistuak jaso ditu. Baina gehiago entzun behar izan ditu Muniainen ordez sartu den Llorentek (59. minutuan).

Pixka bat lehenago, Iraizozek oinekin aldaratu behar izan du Leok eskuinarekin egindako errematea. Eta 64. minutuan okertu egin da Perez Montero epailearen laguntzailea eta Gurpeguik egindako penaltia adierazi du. Pitik ez du hamaika metroetatik huts egin. Falta areatik kanpo izan da argi eta garbi. Jokaldi horrek norgehiagoka baldintzatu du.

Athleticek 1-2ekoa egin du 76. minutuan. San Josek goitik gainditu du Ruben eta itxaropena piztu du San Mamesen. 79. minutuan, Trashorrasen erdiraketa itxiak gutxigatik ez du Iraizoz ezustean hartu.

85.ean, abagune ederra izan du Fernando Llorentek. Aurrelariak erosotasun osoz errematatu du buruz, baina baloia kanpora joan da, oso gutxigatik. Sufritu egin du Paco Jemezen taldeak azken minutuetan, baina saria jaso du, hiru puntuak. Porrotak egoera zailan utzi du Athletic.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta (Gurpegui, 50'), De Marcos; San Jose, Herrera, Muniain; Susaeta, Aduriz (Toquero, 93') eta Muniain (Llorente, 57').

2 - Rayo Vallecano: Ruben; Tito, Galvez, Amat, Casado; Javi Fuego, Trashorras; Lass, Domínguez, Piti (Adrian, 90'); eta Leo Baptistao (Delibasic, 71').

Golak:

0-1, 48': Lass.

0-2, 65': Piti, penaltiz.

1-2, 77': San Jose.