Itxi

Athletic Club

Porrota (0-2)

Athletic, ezinean Zaragozaren aurka

Erredakzioa

Partida makala jokatu dute zuri-gorriek, bizitasunik gabekoa. Zaragozaren golak Apoñok eta Postigak egin dituzte.

  • Athletic-Zaragoza. Argazkia: EFE

    Athletic-Zaragoza. Argazkia: EFE

Athleticek zortzigarren porrota jaso du Ligan Zaragozaren aurka, San Mamesen, galduta (0-2). Athletic baino gehiago izan da Zaragoza, etxeko taldeak partida makala eta bizitasunik gabekoa jokatu baitu.

Aurreneko minutuak parekatuak izan dira San Mamesen, baina Zaragozaren jokoak hobera egin du erdi lo geratu den Athleticen aurka. Talde zuri-gorria baloiaren jabetza eskuratzen saiatu da, baina Zaragoza ondo ari zen, eta Athleticek kostata gainditu du zelaierdia.

Neurketako aurreneko gol aukera Zaragozarentzat izan da, baina Victor Rodriguezen bolea kanpora joan da. Bi minutu geroago, gola egiteko abagunea izan du Iker Muniainek. Baina bilbotarren argiena Oscar de Marcosek izan du 18.ean. Roberto goitik gainditu nahi izan du, baina atezainak sorbaldarekin urrundu du baloia.

30. minutuan, markagailua estreinatu du Zaragozak. Aurtenetxek penaltia egin dio Victor Rodriguezi, eta Apoñok ez du hamaika metroetatik kale egin. Partida maldan gora jarri zaio Athletici, eta, are gehiago, Postigak bigarrena egin duenean (41. minutuan). Iraizozek aurreneko errematea urrundu du, baina aldaratzea Helder Postigari heldu zaio, eta atezain nafarrak ezin izan du gola saihestu.

Bigarren zatian, nahi eta ezinean aritu da Athletic. Gola nahi zuen, baina atzean zein erasoan makal aritu da. Zaragoza lasai zegoen, eta, gainera, gol aukera gehiago izan ditu. 54.ean 0-3koa sartzeko abagune ona izan du Postigak. Minutuek aurrera jarraitzen zuten, baina Athletic ez da gola egiteko gai izan. Aukerak izan ditu, baina eskainitako irudia ahula izan da.

Gabonak sailkapen nagusiko 13. postuan igaroko ditu Athleticek, 21 punturekin. 2013.eko urtarrilaren 5ean Levanteri bisita egin dio talde zuri-gorriak, urte berriaren aurreneko norgehiagokan.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Laporte, Aurtenetxe (Igor Martinez, 46'); San Jose; Ibai, Herrera, Toquero, Muniain (Llorente, 68'); eta Aduriz.

2 - Zaragoza: Roberto; Sapunaru, Loovens, Alvaro, Abraham; Movilla, Apoño; Zuculini (Stefan, 74'), Victor (Edu Oriol, 70'), Montañes (Jose Mari, 85'); eta Postiga.

Golak:

0-1, 31': Apoño, penaltiz.

0-2, 41': Helder Postiga.