Alaves
EA Sports Liga
Alavesek porrot egin du Rayoren aurka Mendizorrotzan jokatutako partida grisean (0-2)
I. G. | EITB MEDIA
Penalti bat huts eginda eta erasoan eraginkortasun gutxi erakutsita, babazorroek beste porrot bat jaso dute, mailari eusteko helburuan batere laguntzen ez diena.
-
Kike Garcia eta Aleña. Argazkia: EFE.
Alavesek 0-2 galdu du Rayo Vallecanoren aurka larunbat honetan Mendizorrotzan jokatu duen EA Sports Ligako 29. jardunaldiko partida.
Partida hasi eta berehala, babazorroei aurka jarri zaie markagailua. 2. minutuan, Pate Cissek buruz errematatu du korner batean, bakar-bakarrik, markagailua irekitzeko (0-1).
Alavesek ere kornerretik erantzun du. Aurkariaren atezainak aldaratze txarra egin ostean, baloiak langa jo du, Mouriñok harrapatu du errematea, baina Aridanek eragotzi du baloia sarera sartzea.
12. minutuan, Tenaglia area barrura sartu da, Chavarriak lurrera bota du, eta epaileak penaltia adierazi du. Joan Jordanek jaurti du hamaika metroko puntutik, baina Batallak asmoa atzeman dio, geldi geratu da, eta baloia eskuetara iritsi zaio.
Kolpe gogorrak partidan sartzeko balio izan dio Gasteizko taldeari, eta pixkanaka protagonismoa hartu, eta partidaren erritmoa markatu du, baita aukera garbiak sortu ere. Cabanesen jaurtiketa gora joan da, eta Batalla berriro agertu da Kike Garciaren jaurtiketa gelditzeko.
Bigarren zatian, Alaves nagusitasun horri eusten saiatu da. Hainbat hurbilketa izan ditu, eta argiena Guridiren burukada bat izan da, atezainak maisutasun handiz urrundu duena.
Azkenean, Rayok egin du gola, Pedro Diazen jaurtiketa gurutzatu on batekin (0-2).
Coudetek aldaketak egin ditu, erasorako jokalariak sartu ditu markagailua iraultzeko, baina babazorroak erritmoa jaisten joan dira, eta Madrilgo taldea gora etorri da.
Azken minutuetan, gertuago egon da Rayoren beste gol bat Alavesen lehenengoa baino, eta babazorroek beste porrot bat gehitu dute, mailari eusteko helburuan batere laguntzen ez diena.
Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Sivera, Tenaglia, Mouriño, Abqar, Manu Sanchez, Blanco, Jordan (Conechny, 78. min), Cabanes (Vicente, 46. min), Guridi (Toni Martinez, 59. min), Aleña (Carlos Martin, 59. min) eta Kike Garcia.
2 - Rayo Vallecano: Batalla; Ratiu, Aridane, Fernandez, Chavarria; Pathe Ciss, Alvaro (Embarba, 70. min), Unai Lopez (Isi, 84. min); De Frutos (Balliu (70. min); Trejo (Pedro Díaz, 54. min) eta Nteka (Espino, 54. min).
Golak: 0-1, 2. min: Pathe Ciss. 0-2, 58. min: Pedro Diaz.
Epailea: Munuera Montero. Txartel horia atera die Cabanes, Mouriño, Tengalia, Pelay, Nteka, Oscar Valentin, Batalla eta Aridane jokalariei.