Alaves
EA Sports Liga
Porrot zaporeko berdinketa Alavesen eta Las Palmasen artean, bi goleko aldea alferrik galduta (2-2)
I. G. | EITB MEDIA
Toni Martinezek eta Guridik sartu dituzte babazorroak aurretik jartzeko golak, baina Silvak, penaltiz, eta Moneirok berdinketa jarri dute.
-
Tenaglia defentsa lanetan. Argazkia: EFE.
Alavesek 2-2 egin du Las Palmas aurkazi zuzenaren aurka, ostiral honetan Kanaria Handian jokatu den EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partidan. Toni Martinezek eta Guridik sartu dituzte babazorroak aurretik jartzeko golak, baina Silvak, penaltiz, eta Moneirok berdinketa jarri dute.
Babazorroak azkar jarri dira aurretik markagailuan. 7. minutuan, Mouriñok baloia jaso du, bere taldekidearen jaurtiketak defentsa bat jo ondoren, pase altu bat eman dio Toni Martinezi, eta honek boleaz ireki du markagailua. Epaileak jokoz kanpokoa adierazi du hasieran, baina jokaldia berrikusi ondoren, gola markagailura igo da (0-1).
Murtziako aurrelaria bigarrena egiteko zorian egon da kontraeraso azkar batean, defentsari ihes eginez eta jaurtiketa gurutzatuz, baina zutoina jo du. Geroago bai, sarera bidali du baloia, baina jokoz kanpo zegoen.
Kanarietako taldeak gora egin du aurkako emaitzarekin, eta Fabio Silvak berdinketa izan du bere botetan. Bere jaurtiketa zutoina urratuz joan da kanpora, etxekoek penaltia eskatu duten jokaldi batean.
Bigarren zatia beste kolore batekin hasi da. Las Palmas nagusitzen hasi da, eta Alaves presioa sentitzen. Coudetek aldaketa bikoitza egin du, Villalibre eta Guridi Toni Martinezen eta Carlos Vicenteren ordez sartuz. Jokalari horiek jokoaren norabidea aldatu dute.
Villalibrek baloia lapurtu du, eta, pazientziaz, Guridiren desmarkearen zain egon da pase oso zehatza emateko. Guridik erraz egin dio iskin atezainari, eta abantaila handitu du (0-2).
Adrian Rodriguez atezainaren huts batek etxekoen gola ekarri du ia, baina bisitariek abagunea ezerezean utzi dute azkenean. Gainerakoan, atezain gazteak partida ona egin du, eta funtsezkoa izan da etxekoen hainbat aukera mozteko.
Alavesek erritmoa jaitsi du azken minutuetan, eta Las Palmasen erasoaldia jasan du. Garcesek eskuarekin ukitu du baloia area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Fabio Silvak egin du gola, hamaika metroko puntutik (1-2).
Luzapenean, Moleirok berdinketaren gola sartu du (2-2).
Fitxa teknikoa:
2.- Las Palmas: Cillessen; Alex Suarez (Marvin Park, 60. min), Herzog, McKenna, Alex Muñoz (Mika Mármol, 46. min); Campaña (Manu Fuster, 80. min), Bajcetic (McBurnie, 46. min); Sandro (Januzaj, 70. min), Javi Muñoz, Moleiro; eta Fabio Silva.
2.- Alaves: Adrian Rodriguez; Tenaglia, Mouriño, Abqar, Manu Sanchez; Carlos Vicente (Guridi, 61. min), Guevara, Jordan (Protesoni, 77. min), Aleña; Carlos Martin (Garces, 77. min) eta Toni Martinez (Villalibre, 61. min).
Golak: 0-1, 7. min: Toni Martinez. 0-2, 63. min: Guridi. 1-2, 90. min: Fabio Silva, penaltiz. 2-2, 90+5. min: Moleiro.
Epailea: Mario Melero Lopez. Txartel horia atera die Alex Muñoz (5), Sandro (49), Januzaj (90+3), Manu Fuster (90+10), Jordan (4), Toni Martinez (45+1), Tenaglia (80) eta Villalibre (90+9) jokalariei, baita bi entrenatzaileei ere.