Alaves
EA Sports Liga
Espanyolek gehiago hondoratu du Alaves (0-1)
EITB MEDIA
Gasteizko taldea aurkaria baino hobea izan da, eta ez dute partida galtzea merezi izan. Alabaina, neurketaren hondarrean, defentsa lanetan huts egin dute, eta Calerok gola sartu du, Espanyoli garaipena emateko.
-
Moussa Diarra. Argazkia: EFE
Deportivo Alavesek 0-1 galdu du Espanyolen aurka gaur arratsaldean Mendizorrotzan jokatu duen EA Sports Ligako partida, eta porrot honek gehiago hondoratu du jaitsierako postuetan. Calerok sartu du Kataluniako taldearen gola, 86. minutuan.
Eduardo Coudeten taldeak dena eman du, betiko moduan, eta, beste behin ere, ez du galtzea merezi izan, baina errealitatea gordina eta adierazgiarria da: Alavesek azaroaren 1ean lortu zuen bere azken garaipena Mendizorrotzan. Harrezkero, etxean hiru puntuak lortu ezinik dabil.
Bi taldeek asko zuten jokoan, eta hasieratik nabaritu da tentsioa. Lehendabiziko zatia oso lehiatua izan da. Babazorroena izan da baloiaren jabetza, baina ez dute arrisku gehiegirik sortu, Toni Martinezek eta Kike Garciak gola egiteko pare bat aukera garbi izan badituzte ere.
Kataluniako taldeak, berriz, bloke sendoa jarri du atzealdean, oldarraldiari eusteko, eta baloia berreskuratu ostean, kontraerasoan azkar aterata saiatu da Alavesi min egiten. Hala ere, ez dira gai izan Antonio Sivera estu hartzeko.
Bigarren zatiaren hasieran, Carles Aleña area barruan erori da, baina epaileak hurbiletik ikusi du jokaldia, eta ez du penaltirik adierazi.
Edonola ere, atsedenaldiaren ostean, gauzak ez dira askorik aldatu, eta Gasteizko taldea garaipenaren bila joan da. Horrela, Aleñak 63. minutuan gola sartzeko abagunea izan du, area ertzean aldaratze bat harrapatu eta gero, baina Joan Jordanek geldiketa bikaina egin du.
Aurrerago, Espanyoleko atezainak beste geldiketa erabakigarri bat egin du, Santi Mouriño baloia sarera bidaltzear zegoenean. Alavesen minuturik onenak izan dira.
Jose Manuel Gonzalezen taldeak, ostera, ontzat ematen zuen berdinketa, eta atzean hainbat gizon pilatu ditu, emaitzari eusteko asmoz.
Alabaina, partidaren hondarrean, neurketa husna bukatuko zela zirudienean, Fernando Calerok gola egin du, buruz, berez arriskurik gabeko jokaldi batean. Kolpe handia izan da Alavesentzat.
Azken segundora arte berdinketaren gola egiten saiatu dira gero, baina alperrik. Gaurkoan inork garaipena merezi izan badu, hori Gasteizko taldea izan da. Ez da halakorik gertatu, eta enegarren porrota jaso dute, jaitsierako postuetan gehiago hondoratuta.
FITXA TEKNIKOA
0 - Alaves: Sivera, Tenaglia (Manu Sanchez, 83. min), Abqar, Mouriño, Diarra (Guridi, 92. min); Jordan, Blanco (Guevara, 83. min), Carlos Vicente (Cabanes, 46. min), Aleña; Toni Martinez (Villalibre, 61. min) eta Kike Garcia.
1 - Espanyol: Joan Garcia; Omar, Kumbulla, Cabrera, Carlos Romero; Pol Lozano (Pere Milla, 57. min; Roca, 75. min), Urko; Jofre (Tejero, 68. min), Kral, Puado (Calero, 68. min); eta Roberto Fernandez.
Gola: 0-1, 86. min: Calero.
Epailea: Juan Luis Pulido Santana. Txartel horia atera die Alaveseko Tenagliari (7. min) eta Blancori (65. min) eta Espanyoleko Lozanori (17. min) eta Omarri (84. min).