Alaves
EA Sports Liga
Alavesek puntu bat eskuratu du erotzeko moduko partida batean, Butarquen (3-3)
EITB MEDIA
Leganes bi aldiz jarri da aurretik markagailuan, polemika eragin duten bi penaltirekin. Alavesek emaitza iraultzea lortu du bigarren zatian, baina neurketaren azken txanpan Munirrek berdinketaren gola sartu du.
-
Joan Jordanek penaltiz egin du binakoa. Argazkia: EFE
Leganesek eta Alavesek 3-3 amaitu dute Butarquen larunbat arratsaldean jokatu duten partida zoroa, eta, horrenbestez, babazorroek jaitsierako postuetan jarraituko dute, beste astebetez gutxienez, EA Sports Ligako sailkapenean.
Bi taldeek asko zuten jokoan, eta erotzeko moduko partida izan da. Denetik izan du: golak, penaltiak, polemika eta txartel gorri bat. Borja Jimenezen taldea bi aldiz jarri da aurretik markagailuan, bi golak penaltiz sartuta. Hala ere, 'Chacho' Coudeten mutilak ez dira kikildu, eta bigarren zatian emaitza irauli dute, Joan Jordanek bi gol sartuta. Aurrez, Kike Garciak egin du 1-1ekoa.
Alabaina, garaipena poltsikoan zutela ematen zuenean, partidaren azken txanpan, Munirrek berdinketaren gola egin du, buruz, eta norgehiagoka 3-3 amaitu da.
Bi taldeek Lehen Mailan gelditzea dute helburu, eta tentsio handiko partida izan da hasieratik. Horren erakusgarri izan da epaileak hiru penalti adierazi izana: bi, etxeko taldearen alde, eta hirugarrena, Alavesen alde.
Lehenengoa seigarren minutuan izan da. Korner baten osteko jokaldian, bigarren zutoinean, Moussa Diarrak eskua luzatu du, eta aurpegian eman dio Matija Nastasici. Jokaldia VARean berrikusi ostean, epaileak penaltia adierazi du. Dani Rabak jaurti du, eta 1-0ekoa egin du.
Lehen zatiko 26. minutuan, Kike Garciak sartu du babazorroen lehen gola (1-1), Carles Aleñaren pasea eta Leganeseko defentsaren hutsegitea baliatuta.
Bigarren penaltia 37. minutuan iritsi da. Diego Garcia lurrera erori da area barruan, Siverak ukitu ondoren. Gonzalez Fuertes epaileak berriro jo du monitorera, eta zenbait minutu luzeren ostean, penaltia adierazi du. Rabak bota du, eta ez du hutsik egin (2-1).
Hirugarren penaltia bigarren zatian gertatu da. Hirugarrena, baina, Alavesen aldekoa izan da. Cissek eskuarekin jo du baloia, area ertzean salto egiterakoan. Joan Jordanek sarera bidali du baloia, eta 2-2koa jarri du markagailuan.
Arnasa hartzeko astirik gabe, bi taldeek lehia bizian jarraitu dute. Binakoarekin, Alavesek aurrerapausoa eman du, eta Jordanek gol ederra sartu du area kanpotik jaurtiketa bortitza eginda: baloia txokotik sartu da sarean.
Neurketaren azken txanpan, baina, Alavesek garaipena eskuan zuenean, Alaveseko jokalari ohi batek, Munirrek, buruz, gol polita egin du, eta norgehiagoka hiruna amaitu da azkenean. Partida nola joan den ikusita, zapore gazi-gozoarekin bueltatuko dira etxera babazorroak.
FITXA TEKNIKOA
3 - Leganes: Dmitrovic; Rosier, Sergio González, Nastasic, Javi Hernández (Chicco, 84. min); Cissé (Óscar Rodríguez, 71. min), Tapia (Munir, 84. min); Dani Raba, Brasanac (Duk, 71. min), Juan Cruz (Miguel de la Fuente, 71. min); eta Diego García.
3 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sánchez (Mouriño, 46. min); Blanco, Guevara (Jordán, 46. min); Carlos Vicente, Guridi (Toni Martínez, 46. min), Aleñá (Pica, 87. min); eta Kike García (Protesoni, 75. min).
Golak: 1-0, 10. min: Dani Raba, penaltiz. 1-1, 26. min: Kike García. 2-1, 37. min: Dani Raba, penaltiz. 2-2, 50. min: Jordán. 2-3, 68. min: Jordán. 3-3, 88. min: Munir.
Epailea: Pablo González Fuertes. Txartel horia atera die Leganeseko Brasanaci (57. min), Dani Rabari (65. min), Juan Cruz (67. min), Duk (83. min) eta Borja Jimenez entrenatzaileari, eta Alaveseko Diarrari (9. min), Manu Sánchezi (19. min), Siverari (37. min), Mouriñori (59. min), Abqar (90+10. min) eta Eduardo Coudet (36. min), eta txartel gorria atera dio Munirri (94. min).