Itxi

Alaves

Ez du jarraituko

Luis Garcia Plazak ez du jarraituko Alaveseko entrenatzaile bezala eta bere lekua Eduardo Coudetek beteko du

EITB MEDIA

Gasteizko klubak astelehen arratsaldean iragarri duenez, entrenatzaile madrildarrak, Alaves 108 partida ofizialetan zuzenduta, taldea entrenatzeari utziko dio.

  • Luis Garcia Plaza, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Luis Garcia Plaza, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Luis Garcia Plazak Alaveseko entrenatzailea izateari utzi dio, Gasteizko klubak astelehenean iragarri duenez. Garcia Plazaren lekua Eduardo "Chacho" Coudet argentinarrak beteko du.

Entrenatzaile madrildarra Alavesek azken partidetan izandako emaitzengatik kargugabetu dute. Hala, guztira, 108 neurketa ofizialetan zuzendu du talde babazorroa; besteak beste, Alaves Lehen Mailara igotzea lortu du ibilbide horretan, hain zuzen ere 2023an.

2023-24 denboraldian, Alavesek hamargarren postua erdietsi zuen, Lehen Mailan; 2024-25 denboraldian, Gasteizko taldeak hasiera bikaina izan zuen, baina, jokoan izandako 27 puntuetatik, soilik lau bereganatu ditu.

Klubak "eskerrak eman dizkio" entrenatzaileari, "bere lanagatik eta konpromisoagatik", eta, halaber, "zorte ona opa dio, haren etorkizun pertsonal eta profesionalean".

Coudet, bere ordezkoa

Eduardo Coudet argentinarrak hartuko du talde babazorroaren ardura. Coudetek Vigoko Celta entrenatu zuen 2020 eta 2022 artean. Urte hartako azaroan kargugabetu zuten emaitza txarrengatik eta handik gutxira Atletico Mineirora joan zen. Kluba 2023ko ekainera arte zuzendu zuen. Ondoren, Internacional taldera joan zen. Talde brasildarra izan da, hain zuzen, zuzendu duen azkena. 

Coudet ez da bera bakarrik etorriko Gasteizera, Patricio Graff eta Carlos Miguel Fernandez laguntzaileak eta Octavio Manera eta Guido Cretari prestatzaile fisikoak berarekin batera hasiko dira Alavesekin lanean. Argentinarrak ostegunean egingo du debuta, arabarrek, Cartagonovan, Deportivo Mineraren aurka jokatuko duen Errege Kopako partidan.