Itxi

Alaves

EA Sports Liga

Alaves azken unera arte borrokatu da, baina galdu egin du Espanyolen aurka (3-2)

I. G. | EITB MEDIA

Javi Puadoren hiru golek, azkena penaltiz, baliorik gabe utzi dute Tomas Conechnyren gola, eta babazorroen bigarren porrota eragin dute, nahiz eta Tenagliaren golak azkeneraino borrokan mantendu dituen.

  • Antonio Blanco baloiaren lehian Javi Puadorekin. Argazkia: EFE

    Antonio Blanco baloiaren lehian Javi Puadorekin. Argazkia: EFE

Alavesek 3-2 galdu du Espanyolen aurka larunbatean RCDE Stadiumean jokatu duen EA Sports Ligako bosgarren jardunaldiko partida. Javi Puadoren hiru golek, azkena penaltiz, baliorik gabe utzi dute Tomas Conechnyren gola, eta babazorroen bigarren porrota eragin dute, nahiz eta Tenagliaren golak azkeneraino borrokan mantendu dituen.

Carlos Vicentek eman du gasteiztarren lehen abisua, eskuinetik egindako barnekaldi batean, baina horren erdiraketak ez du area harrapatu. Etxekoen erantzuna etorri da gero, aurkariaren area zelatatu baitute elkarren segidako hainbat erasorekin. Horietako batean, Tenagliak hanka luzatu behar izan du Velizen errematea ezerezean uzteko. Král ere golaren bila aritu da jaurtiketa indartsu batekin; gora joan zaio.

Espanyolek jokoa kontrolatu du, eta, jokaldi arriskutsu batzuk egin ostean, 22. minutuan ireki du markagailua. Siverak Tejeroren jaurtiketa gelditu du ezkerretik egindako erdiraketa baten ostean, baina ezin izan du ezer egin Puadok bigarren jokaldi batean baloia jaso eta atea hutsik aurkitu duenean (1-0).

Stoichkovek gola sartzeko aukera ona izan du; hala ere, ez du berak jarri berdinketa markagailuan. Zelai erdian egindako lapurreta batek Alavesen kontraerasoa eragin du, eta Guridik banakako jokaldi on bat egin ondoren, baloia goleko marran botea ematen geratu da, Conechny indartsu sartuta sarera bidaltzeko (1-1).

Babazorroek golaren inertzia baliatu dute bigarren zatia indartsu hasteko, eta Conechnyk bigarren gola bilatu du jaurtiketa gogor batekin. Garciak ondo gelditu du.

Alaves ondoen zegoenean, Espanyol jarri da berriro aurretik. Defentsaren aldaratze txar batek errematatzailerik aurkitu ez duen erdiraketa eragin du, baina bigarrena buruz errematatu du Puadok gola sartzeko (2-1).

Minutu gutxira, Siverak kontraeraso bat moztera irten behar izan du, ez da garaiz iritsi baloira, eta Cheddirari penaltia egin dio. Puadok ez du hamaika metroko puntutik huts egin, eta hirugarrena sartu du (3-1).

Alavesek, dena den, ez du amore eman, eta korner batean, Tenagliak bikain errematatu du buruz, emaitza iraultzeko itxaropenarekin jarraitzeko (3-2).

Gasteizko taldea azkenera arte borrokatu da. Dena den, denbora falta izan zaio markagailua iraultzeko, eta punturik gabe bueltatuko da etxera.

Fitxa teknikoa:

3 - Espanyol: Joan Garcia; El Hilali, Cabrera, Kumbulla, Romero (Olivan, 85. min); Jofre (Sergi Gomez, 75. min), Kral, Aguado (Gragera, 58. min), Tejero (Cardona, 58. min); Veliz (Cheddira, 57. min) eta Puado.

2 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar (Toni Martínez, 64. min), Sedlar, Manu Sanchez; Carlos Vicente, Guridi (Jordan, 64. min), Antonio Blanco (Mouriño, 64. min), Conechny (Villalibre, 78. min); Stoichkov eta Kike Garcia (Guevara, 71. min).

Golak: 1-0, 21. min: Puado. 1-1, 35. min: Conechny. 2-1, 56. min: Puado. 3-1, 63. min: Puado (p.). 3-2, 68. min: Tenaglia.

Epailea: Pulido Santana. Txartel horia atera die Alaveseko Luis Garcia Plaza entrenatzaileari eta Abqar, Kumbulla, Omar El Hilali, Sivera eta Manu Sánchez jokalariei.