Alaves
EA Sports Liga
Aspasen gol batek saririk gabe utzi du Alaves, arabarrak markagailuan aurreratu diren arren (2-1)
EITB MEDIA
Kike Garciak egin du neurketako lehen gola, 17. minutuan, baina Swedbergek eta Aspasek bigarren zatian egindako golek emaitza irauli dute.
-
Iago Aspas eta Ander Guevara, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.
Alavesek porrot batekin eman dio hasiera denboraldiari, EA Spots Ligako lehen jardunaldian Celtarekin 2-1 galduta.
Neurketa hasi eta gutxira polemika izan da zelaian. Iago Aspasek Antonio Blanco jo du, baloirik gabe, eta epaileak txartel gorria atera dio hasiera batean. Ondoren, baina, eta jokaldia VAR bidez aztertu ostean, txartel gorria kendu eta horia atera dio.
Lehen zatian, gol aukera oso gutxi izan dira, eta Arabako taldeak Galiziakoak baino maila hobea eman du. Aukera horietako batean iritsi da babazorroen gola: Kike Garciak egin du, 17. minutuan, buruz, Antonio Blancok ezkerretik egindako erdiraketa aprobetxatuta.
43.ean, Iago Aspasek Siveraren atean sartu du baloia, baina gola ez da markagailura igo, VARetik epaileari jakinarazi diotenez, Douvikas jokoz kanpo zegoelako Blancori pasea eman dionean.
Bisitariak markagailuan aurretik iritsi dira atsedenaldira; bidezko emaitza, zelaian ikusitakoaren arabera.
Atsedenaldiaren ostean, Kike Garciak izan du lehen aukera, baina errematea desbideratuta atera zaio.
Partida hautsi egin da eta bi taldeak erraz iritsi dira aurkariaren areara. Jokaldi horietako batean, Aspas 1-1ekoa lortzear izan da, baina Siverak geldiketa bikaina egin du.
Banakoa 66. minutuan lortu du etxeko taldeak. Swedbergek sartu du gola, jaurtiketa ederra eginda.
Aspasen gola, azken minutuetan
70.ean, Kike Garciak izan du aukera, baina errematea gurutzatuegi atera zaio.
Stoichkovek eta Villalibrek ere aukera argiak izan dituzten arren, gola Celtak egin du, Iago Aspasen bidez, 84. minutuan.
Fitxa teknikoa
2 - Celta: Ivan Villar; Manquillo (Javi Rodriguez, 46. min), Starfelt, Carlos Dominguez; Mingueza, Damian, Fran Beltran (Ilaix Moriba, 64. min), Hugo Alvarez; Aspas, Bamba (Williot, 46. min) eta Douvikas (Borja Iglesias, 77. min).
1 - Deportivo Alaves: Sivera; Carlos Vicente, Tenaglia, Abqar, Diarra; Guevara (Benavidez, 79. min), Blanco; Luka Romero (Hugo Novoa, 57. min), Guridi (Stoichkov, 68. min), Conechny (Luis Rioja, 68. min); eta Kike García (Villalibre, 79. min).
Golak: 0-1, Kike Garcia (17. min); 1-1, Williot (65. min); 2-1, Aspas (84. min).
Epailea: Quintero González (Andaluziako Batzordekoa). Txartel horia atera die Celtako Aspas (8. min), Claudio Giraldez (61. min) eta Damian (86. min) jokalariei, eta Alaveseko Conechny (45. min) eta Abqar (90. min) jokalariei.