Alaves
Fitxaketa
Alavesek Asier Villalibre fitxatu du, 2028ra arte
EITB MEDIA
Athleticek saldu dio Gernika-Lumoko aurrelaria Gasteizko klubari. Villalibre 2023ko urtarriletik ekainera bitartean ere aritu zen Alavesen; Arabako taldea EA Sports Ligara igotzea lortu zuen, eta bizkaitarrak gol erabakigarria sartu zuen play-offean, Levanteren aurka.
-
Asier Villalibre 2028ra arte, gutxienez, izango da Alavesen. Argazkia: EFE.
Alavesek Asier Villalibre fitxatu du, 2027-28 denboraldiko amaierara arte, astelehen arratsaldean Gasteizko klubak eta Athleticek iragarri dutenez; izan ere, Gernika-Lumoko aurrelariak talde zuri-gorriarekin zuen kontratua, 2025eko ekainera arte, eta bi taldeek eta jokalariak akordioa egin dute.
Villalibrek 27 urte beteko ditu irailaren 30ean, eta bigarrenez arituko da Alavesen; izan ere, 2022-23 denboraldian ere ibili zen Arabako taldean,2023ko urtarriletik ekainera bitartean, Athleticek utzita. Hilabete horietan, futbolari bizkaitarra 20 partida ofizialetan zelairatu zen, eta sei gol sartu zituen; garrantzitsuena azken neurketan lortu zuen, Valentzian, Levante aurkari, penaltiz, luzapenean, EA Sports Ligarako igoerako finalaren itzuliko partidan.
Athleticen, Gernika-Lumoko aurrelariak 2016-17 denboraldian egin zuen debuta Lehen Mailan, eta 127 partida ofizial jokatu ditu, 21 gol sartuta. Talde zuri-gorrian, bi titulu irabazi ditu: 2021eko Superkopa, finalean gol erabakigarria eginda, eta 2024ko Kopa.