Itxi

Alaves

36. jardunaldia

Alavesek argi galdu du Bernabeun, gehiago izan den Madril aurkari (5-0)

EITB MEDIA

Bellinghamek, Viniciusek, bi aldiz, Valverdek eta Arda Gulerrek sartu dituzte Madrilgo taldearen golak. Real Madril Luis Garcia Plazaren gizonak baino hobeto aritu da, baina Alavesek ere, bereziki bigarren zatian, golen bat egiteko moduko aukerak sortu ditu.

  • Luis Rioja eta Carvajal, aurrez aurre, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Luis Rioja eta Carvajal, aurrez aurre, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Alavesek galdu egin du, 5-0, Real Madril aurkari, Santiago Bernabeun, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 36. jardunaldian. Jude Bellinghamek, Viniciusek, eta Fede Valverdek, lehen zatiko 10., 27. eta 46. minutuetan, eta Viniciusek eta Arda Gulerrek, bigarren zatiko 25. eta 36. minutuetan, Real Madrilen golak sartu dituzte. Talde zuria Luis Garcia Plazaren gizonak baino hobeto aritu da, baina Alavesek ere, bereziki bigarren zatian, golen bat egiteko moduko aukerak sortu ditu.

Real Madril-Alaves partidako laburpena (5-0)

Real Madril, Ligako txapelduna bera, sasoi betean heldu da denboraldiaren amaierara, eta erakutsi egin du hori Alavesen aurkako neurketan. Lehenengo gola hamargarren minutuan izan da, eta Bellinghamek lortu du, trebetasun handiz egindako erremate baten bidez; 27.ean, Viniciusek, Camavingaren jokaldi polita baliatuz, 2-0ekoa egin du.

Lehen zatiko luzapenean, Valverdek, jaurtiketa bortitz baten bidez, etxekoen hirugarren gola sartu du; 70. minutuan, Viniciusek, beste jaurtiketa on bat eginez, laugarrena erdietsi du, bere bigarrena.

Azken minutuetan, 81.ean, Arda Gulerrek itxi du emaitza, Jesus Owono bosgarren aldiz gaindituta; Alaveseko atezainak bost gol jaso ditu, baina norgehiagoka ona egin du. Bide batez, Thibaut Courtois Real Madrileko atezaina ere aritu da ondo; euskal taldeak golen bat sartzeko moduko aukerak sortu ditu, baina belgikarrak asmatu egin du, lana izan duenean.

Fitxa teknikoa

5 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao (Rudiger, 72. min), Nacho, Mendy; Camavinga (Guler, 62. min), Kroos (Ceballos, 72. min), Fede Valverde (Mario Martin, 82. min), Bellingham; Vinicius eta Rodrygo.

0 - Alaves: Jesus Owono; Gorosabel (Tenaglia, 62. min), Abdel Abqar, Rafa Marin, Ruben Duarte; Antonio Blanco, Ander Guevara (Guridi, 62. min), Ianis Hagi (Panichelli, 71. min); Alex Sola (Alkain, 62. min), Luis Rioja eta Samu Omorodion (Abde Rebbach, 78. min).

Golak: 1-0, 10. min: Bellingham. 2-0, 27. min: Camavinga. 3-0, 45. min (+1): Valverde. 4-0, 70. min: Vinicius. 5-0, 81. min: Guler.

Epailea: Busquets Ferrer (Balearretako Batzorde). Real Madrileko Vinicius eta Alaveseko Duarte zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 68.954 zale, Bernabeun.