Alaves
LaLiga EA Sports
Garaipenak ihes egin dio Alavesi Mallorcaren aurka, partidako azken minutuetan (1-1)
EITB MEDIA
Benavidezek egin du arabarran gola, korner baten ondorioz, partidako 76. minutuan. Mallorcaren berdinketa Nastasicek egin du, 88.ean.
-
Nastasic, Mallorcako golegilea, eta Omorodion. Argazkia: Efe.
Alavesek eta Mallorcak bana egin dute LaLiga EA Sportseko 26. jardunaldiko partidan, bidezko emaitza, zelaian ikusitakoaren arabera. Benavidez eta Nastasic izan dira golegileak Mendizorrotzan.
Javier Aguirreren taldea jaun eta jabe izan da lehen 45 minutuetan, eta eurek izan dituzte neurketako aukerarik onenak. Gasteiztarrek, aldiz, irudi kaskarra eman dute, zelaian deseroso eta lekua hartu ezinda.
10. minutuan, Mallorcako Radoncij jokalariak penaltia eskatu du, arabarren arean erorita, Abqarrek besoarekin ukitu ostean. Epaileak ez du zigorra adierazteko arrazoirik antzeman.
Nastasic eta gainontzeko atzelariek neurria hartu diote Samu Omorodioni eta aurrelarriak ezer gutxi egin ahal izan du Rajkovic atezainari arazoak sortzeko.
Guztiz kontrakoa izan da Radonjic aurrelari serbiarraren egoera, aurrelariak buru hauste ugari sortu dizkie Alaveseko jokalariei eta berak izan ditu Mallorca taldearen aukerarik argienak. Horietako bat, 21. minutuan, baloia lapurtu eta aurrera eginda, baina bere jaurtiketa Siverak ukitu du, ondoren baloiak langaren ertza jo du eta kanpora joan da.
27. eta 32. minutuen artean, arabarrek amets gaiztoa bizi izan dute, Mallorcak etengabe erasora jo duelako eta gola egiteko lau aukera oso argi sortu dituelako.
Ondoren, Luis Garcia Plazaren jokalariek hobera egin dute, baina hobekuntza horrek ez du jarraipenik izan epaileak atsedenaldia adierazi duelako.
Bigarren zatian, partida erabat aldatu da: bi taldeak erasora aritu dira eta joan-etorriko jokoa ikusi dugu, area batetik bestera. Berdinketa eta puntu banaketa saihestu nahi izan dute.
55. ean Solak ezustean harrapatu ditu aurkari guztiak falta bat zuzenean atera jaurti duenean. Guztiak Luis Riojaren erdiraketaren zain izan dira. Baloia kanpora atera da, gutxigatik.
Golak
Alavesek lanak izan ditu zuloak aurkitzeko 76. minutuan Benavidezen gola iritsi den arte. Luis Riojak kornerra atera du eta uruguaiarrak buruarekin errematatu du baloia, Mallorcaren atean sartzeko.
Arabarren pozak 12 minutu iraun ditu, 88.ean Nastasicek banakoa egin baitu, markagailua eta partida orekatzeko. Azkenean, puntu bana Alaves eta Mallorcarentzat.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Sivera; Gorosabel (Tenaglia, 85. min), Rafa Marin, Abqar, Javi Lopez; Guevara, Antonio Blanco (Benavidez, 72. min), Guridi; Sola (Carlos Vicente, 60. min), Rioja (Duarte, 85. min), Omorodion (Kike Garcia, 72. min).
1 - Mallorca: Rajkovic; Nacho Vidal (Gio González, 60. min), Valjent, Nastasic, Copete (Dani Rodriguez, 84. min), Toni Lato; Radonjic (Larin, 60. min), Omar Mascarell (Llabres, 84. min), Morlanes, Darder (Samu Costa, 90. min); Muriqi.
Epailea: García Verdura (Kataluniako batzordekoa). Luis García Plaza Alaveseko entrenatzailea kanpora bota du (89. min). Txartel horia atera dio Nacho Vidal Mallorcako jokalariari.
Golak: 1 - 0: 76. min, Benavidez. 1 - 1: 88. min, Nastasic.