Itxi

Alaves

EA Sports Liga

Sedlarrek denboraldi batez berritu du kontratua Alavesekin, beste sasoi batez luzatzeko aukerarekin

Agencias | EITB Media

Gasteizko kluba eta jokalaria akordiora iritsi dira bi aldeak lotzen dituen kontratua luzatzeko 2025eko ekainaren 30era arte. Gainera, beste denboraldi batez luzatzeko aukera izango dute.

  • Aleksander Sedlar

    Sedlar, Almeriari sartu zion gola ospatzen, min hartu zuen partidan. Argazkia: EFE

Aleksander Sedlarrek kontratua berritu du Alavesekin 2025eko ekainaren 30era arte, klubak ostiral honetan, abenduaren 15ean, jakinarazi duenez. Gainera, harremana beste denboraldi batez luzatzeko aukera izango dute.

Serbiako futbolaria min hartuta dago. Alaveseko erdiko defentsak belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen azaroan, Almeriaren kontrako EA Sports Ligako partidan, eta ezingo du gehiago jokatu 2023-2024 sasoian. Horrez gain, Sedlarri 2024ko ekainean bukatzen zitzaion kontratua. Kontuak kontu, klubak haren kontratua berritzea erabaki du. "Aleksander Sedlarren kontratu berritzearekin, taldeko defentsaren etorkizuna bermatzen dugu, eta ziur gaude indartsu itzuliko dela lesioa gainditu ostean", adierazi du Alavesek.

Sedlarrek 32 urte ditu. 2022ko udan heldu zen Alavesera, eta 2022-2023 denboraldian jokalari oso garrantzitsua izan zen. Guztira, 30 partida jokatu zituen eta Alaves EA Sports Ligara igotzea lortu zuen. Aurten, 2023-2024 sasoian, lesioaren aurretik, garrantzitsua izan zen Luis Garcia Plaza entrenatzailearen joko-sisteman.