Itxi

Alaves

Errege Kopa

Alavesek Terrassa kanporatu du (0-1), Alkainen golari esker, eta Kopako final hamaseirenetan da

EITB MEDIA

Hondarribiako jokalariak 21. minutuan sartu du Luis Garcia Plazaren taldearen gola. Alaves aurkaria baino gehiago izan da, eta, bereziki bigarren zatian, gol gehiago sartzeko moduko aukerak sortu ditu.

3:40

Alavesek Terrassa kanporatu du, asteazkenean, 2023-24 denboraldiko Errege Kopako bigarren kanporaketan, Estadi Olimpic futbol zelaian 0-1 irabazita, eta, hala, txapelketako final hamaseirenetan da jada. Xeber Alkainek egin du, 21. minutuan, Alavesen gola; Luis Garcia Plazaren taldea aurkaria baino gehiago izan da, eta, bereziki bigarren zatian, gol gehiago sartzeko moduko aukerak sortu ditu. Emaitza, baina, estua izan da, eta, ondorioz, amaierara arte izan da emozioa.

Alavesek ez du estutasun handirik izan, lehen zatian, aurkaria Owonoren atetik urrun eusteko, eta gainera, Alkainen golari esker, markagailuan aurretik joan da aldageletara. Partida nahiko parekatuta hasi da. Luis Garcia Plazaren gizonak ondo moldatu dira Terrassaren futbol zelaiko berdegune artifizialera, eta hasieratik ahalegindu dira neurketa kontrolpean izaten. Ez da ia gol aukerarik izan 21. minutura arte; orduan, Alkainek, trebetasunez, Gasteizko taldea aurreratu du. Terrassak, erdiraketa oso itxi batean, langara bidali du baloia, 29.ean, eta Unai Roperok, ezkerrez, 40. minutuan, oso gertu izan du 0-2koa. Atsedenaldian, hala, Alaves 0-1 ari zen irabazten.

Bigarren zatian, argiagoa izan da Alavesen nagusitasuna, eta babazorroek arrisku handiagoa sortu dute etxekoen area barruan. Tenaglia eta Karrikaburu, azken horrek bitan, Luis Garcia Plazaren taldearen bigarren egitetik hurbil izan dira, baina ez dute gauzatzerik izan. Terrassak norgehiagoka ona jokatu du eta presio ona egin du; azken minutuetan, markagailuak animatuta, handitu egin du erasoa, luzapena behartu nahirik; Jesus Owono oso ziur ibili da arratsalde osoan, eta geldiketa pare bat egin behar izan ditu, azken txanpa horretan.

Alavesek lortu du, beraz, Kopan jarraitzeko helburua, eta Gasteizko kluba final hamaseirenetako zozketan izango da. Urtarrilaren 6an eta 7an jokatuko dute kanporaketa hori. Alaves sendo dabil EA Sports Ligan, eta, oraingoz, Kopan ere ari da erakusten bide on hori.

Fitxa teknikoa

0 - Terrassa: Marcos; Neeskens, Jaouad, Lucas Viña, Jordi Cano, Alex Fernandez (Aythami, 66. min), Victor Morales (David, 88. min), Jofre (Adri Lledo, 46. min) Palacios, Gil Muntadas (Pau, 66. min) eta Pol Sanchez (Dani Cervera, 66. min).

1 - Alaves: Owono; Ruben Duarte, Guevara, Alex Sola (Selu, 93. min), Karrikaburu (Hagi, 73. min), Tenaglia, Alkain (Rebbach, 73. min), Maras, Benavidez, Ropero (Kike, 73. min) eta Parada.

Gola: 0-1: Alkain, 22. min.

Epailea: Gil Manzano (Extremadurako Batzordea). Cano eta Alkain zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: Errege Kopako bigarren kanporaketako partida, Terrassako Estadi Olimpicen. 7.000 bat zale izan dira.