Alaves
EA Sports Liga
Siverak ezin izan du eragotzi Alavesek Atletico Madrilen aurka galtzea (2-1)
I. G. | EITB Media
Talde gasteiztarreko atezainak partida ikusgarria osatu, eta aurkariak emaitza handiagoa lortzea eragotzi du, baina ez berak ez Guevararen golak ezin izan dute Alavesen porrota eragotzi Riquelmeren eta Morataren golen ostean.
-
Gorosabel, Riquelmeri baloia lapurtu nahian. Argazkia: EFE
Alavesek 2-1 galdu du Atletico Madrilen aurka igande honetan Civitas Metropolitanon jokatu duen EA Sports Ligako 11. jardunaldiko partida. Gasteizko taldea ez da madrildarraren mailan egon, hasieratik amaierara nagusi izan dira zuri-gorriak, eta zazpigarren jardunaldiz jarraian garaipenik lortu gabe jarraitzen du Alavesek. Luzapenean, Guevarak aldea murriztu du, baina beranduegi izan da markagailua iraultzeko.
Alavesek intentsitate handiz ekin dio partidari, goian presioa eginez Atleticori jokatzen ez uzteko. Hala ere, lehen sustoa etxekoen eskutik etorri da, Riquelmek jaurtiketa gogor bat egin duenean Siveraren atearen aurka, eta geldialdi on bat egitera behartu dute atezaina. Hermoso ere atea aurkitzeko zorian egon da korner batean, baina burukada kanpora joan zaio.
Hortik aurrera, babazorroek atzerapausoa eman behar izan dute madrildarren erasoari aurre egiteko. Hala ere, Gasteizko taldeak ondo defendatu du bere burua, eta aurkariaren areara ere hurbildu da.
20. minutuan, Morata izan da markagailua irekitzeko zorian egon dena, bitan, biak buruz. Lehenengoan, atea hutsik, errematea gora joan zaio, eta bigarrenean Sivera berriro agertu da bere taldea salbatzeko.
26. minutuan iritsi da Atleticoren gola. Riquelmek oso ondo jaitsi du erdiraketa bularrez, Gorosabeli erraz egin dio ihes eta gola sartu du (1-0).
Hurrengo minutuetan Atleticok zelatan jarraitu du gasteiztarren arean, eta Siverak beste behin jardun behar izan du, Griezmannen jaurtiketa gelditzeko oraingoan. Atsedenaldira iritsi aurretik, Moratak bigarren gola egin du etxekoentzat, baloi luze bat jaso eta Sedlarrengandik ihes eginda (2-0).
Bigarren zatian partidaren gidoia ez da aldatu, eta talde madrildarrak jarraitu du zelaian agintzen. Abqarrek ahalegina egin du korner baten irteeran, baina bere saiakera gora joan da.
Griezmannek hirugarren gola sartu du, baina epaileak jokaldia etena zuen aurretik, Marcos Llorentek Duarteri falta egin diolako, eta gola ezerezean geratu da.
Hagik izan du Alavesen aukerarik argiena bigarren zatian, baina bere jaurtiketa zutoinetik gertu joan da kanpora.
Luzapenean, Guevarak aldea murriztu du area kanpotik egindako erremate on batekin, baina beranduegi izan da markagailua iraultzeko eta Alavesek zazpigarren jardunaldia jarraian lotu du garaipenik gabe (2-1).
Fitxa teknikoa:
2 - Atletico Madril: Oblak; Molina (Azpilicueta, 81. min), Savic, Witsel, Hermoso (Gimenez, 81. min), Riquelme; De Paul (Barrios, 67. min), Koke, Saul (Llorente, 58. min); Griezmann eta Morata (Correa, 67. min).
1 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Abqar, Sedlar, Duarte; Antonio Blanco (Benavidez, 83. min), Guevara; Sola, Guridi (Hagi, 63. min), Rioja (Rebbach, 63. min); eta Samu Omorodion (Kike Garcia, 73. min).
Golak: 1-0, 25. min: Riquelme. 2-0, 46+. min: Morata. 2-1, 95. min: Guevara.
Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Llorente, Hermoso eta Duarte jokalariei.