Alaves
Mendizorrotzan
Alavesek Mendilibarren Sevillari irabazi dio, partida zoro batean (4-3)
Agentziak | EITB Media
Babazorroek 1-2ko emaitza irauli dute, eta berdinduta iritsi dira atsedenaldira. Kike Garciak bi gol egin ditu, eta Luis Riojak eta Ruben Duartek egin dituzte Alavesen beste biak.
-
Kike Garciak bi gol egin ditu. Argazkia: Efe.
Alavesek denboraldiko lehen garaipena lortu du Sevillaren aurka LaLiga EA Sportseko bigarren jardunaldian jokatutako partidan. Luis Rioja, Abdel Abqar, Erik Lamela, Rubén Duarte, Kike García (2) eta Rafa Mir izan dira, ordena horretan, Mendizorrotzako golegileak.
Alaves-Sevilla partidaren laburpena
Luis Garcia Plazaren taldeak partida oso ona jokatu du Superkopan maila ona eman zuen Sevillaren aurka. Lehen jardunaldian Valentziaren aurka galdu ostean, Andaluziako taldeak garaipena behar zuen, baina babazorroak gehiago izan dira gaurkoan.
Sevillak ondo erantzun dio Alavesen lehen golari, baina ondorengo kolpeek eragindako zauria handiegia izan da.
Lehen gola Luis Riojak egin du, partidako 7. minutuan, ezkerrarekin egindako jaurtiketa baten bidez.
Sevilla berdinketaren bila joan da, eta zenbait aukera izan ditu, Abdel Aqbar Alaveseko jokalariak bere atean banakoa egin duen arte.
Luis Garcia Plazaren taldea ez da kikildu, eta Kike Garciak, Guridik eta Riojak abaguneak izan dituzte, baina Mendilibarren taldeak egin du gola. Erik Lamela izan da golegilea, 41. minutuan.
Pozak hiru minutu iraun die sevillarrei, Duartek binakoa ezarri baitu markagailuan atsedenaldiaren atarian.
Mendilibarrek aldaketak egin ditu bigarren zatiari begira, Fernando eta Pedrosa zelairatu ditu, baina Riojak eta Kike Garciak min handia egin diote Sevillari.
Eibar eta Osasuna taldeetako aurrelari ohiak bi gol egin ditu bost minutuan, eta Alaves 4-2 jarri du aurretik.
Andaluziarrek, berriz, huts ugari egin dituzte defentsan, eta arabarrei eutsi ezinda ibili dira. Hala ere, neurketako azken gola eurek egin dute. Rafa Mir izan da golegilea, 97. minutuan.
Fitxa teknikoa:
4 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Abqar, Sedlar, Duarte (Marin, 87. min); Benavídez (Blanco, 79. min), Guevara, Rioja (Miguel, 87. min), Alkain (Javi Lopez, 67. min); Guridi eta Kike García (Sylla, 79. min).
3 - Sevilla: Dmitrovic; Jesus Navas; Kike Salas, Gudelj, Acuña (Pedrosa, 46. min); Jordan, Rakitic (Fernando, 46. min); Lamela, Suso (Tecatito, 75. min), Ocampos (Torres, 60. min); eta En-Nesyri (Rafa Mir, 75. min).
Golak: 1-0, 7. min: Rioja. 1-1, 16. min: Abqar, bere atean. 2-1, 41. min: Lamela. 2-2, 44. min: Duarte. 3-2, 54. min: Kike Garcia. 4-2, 59. min: Kike Garcia. 4-3, 97. min: Rafa Mir.
Epailea: Cuadra Fernandez (Balear Uharteetako Batzordekoa). Txartel horia atera die Alaveseko Gorosabeli (91. min) eta Sevillako Gudelji (62. min) eta Torresi (100. min).