Alaves
Lesio larria
Giuliano Simeoneri ebakuntza egin diote Burgosen aurkako partidan izandako perone hausturaren ondorioz
Agentziak | EITB MEDIA
Mikel Sanchez doktoreak operatu du, Gasteizen, eta dena ondo atera da. Jokalariak, gainera, luxazioa du orkatilan. Bestalde, Burgos taldeak bere babesa agertu dio eta Jose Matos jokalaria jasaten ari den jazarpena salatu du.
-
Giuliano Simeone, Alavesek aurkeztu zuen egunean. Irudia: EITB Media.
Giuliano Simeone aurrelari argentinarrak hilabeteak beharko ditu igandean Burgosen aurkako lagunartekoan izandako lesio larria sendatzeko. Simeone astelehenean bertan operatu dute, eta baliteke denboraldi osoa jokatu gabe eman behar izatea. Alavesek datorren astelehenean egingo du debuta 2023-2024ko LaLiga EA Sportsen.
20 urteko jokalaria, Diego Pablo Simeone entrenatzailearen semea, larri lesionatu zen Jose Matos Burgos taldeko jokalariak bi taldeen arteko lagunarteko neurketaren amaieran egindako sarreraren ondorioz. Osasun azterketen arabera, peronea hautsita du eta luxazioa orkatilan.
Alavesek aditzera eman duenez, jokalaria Mikel Sanchez doktoreak operatu du, Gasteizen bertan, eta dena ondo atera da.
"Osatzeko epea lesioaren bilakaeraren arabera zehaztuko da. Alavesek babes osoa helarazi nahi dio jokalariari momentu gogor hauetan, eta lehenbailehen zelaian ikustea opa dio". Simeone Atletico Madrilek utzita iritsi da udan Gasteizko taldera, urtebeterako, madrildarrekin zuen kontratua 2028. urtera arte berritu berritan.
Simeoneren mezua, ebakuntzaren ostean
"Futbola erronkaz beteta dago, eta niri, ezustean, zoritxarreko erronka tokatu zait, baina ausardiaz ekingo diot", esan du Simeonek ebakuntzatik atera ostean.
"Orain garrantzitsuena ondo sendatzea da, eta dagoeneko abian den prozesu honetan, taldekideak animatuko ditut", gaineratu du.
"Emozionatuta nago jaso dudan babes eta hitz gozoengatik. Zuek izango zarete, nire familiarekin batera, hau gainditzeko behar dudan indarraren motorra. Hitz bakarra dut zuentzat guztiontzat: mila esker, mila esker eta mila esker".
Eskaera Federazioari
Gertatutakoa ikusita, Simeoneren lesioaren larritasuna baieztatuta, Alavesek iragarri du Espainiako Futbol Federazioari "ofizioz aritzeko" eskatuko diola "Burgosen aurkako lagunartekoan gertatutakoagatik".
Burgosek Matosen egoera salatu du
Burgos taldeak, bestalde, Simeone lehenbailehen osatzeko nahia adierazi du, eta Jose Matos jokalaria Simeoneri egindako sarreragatik jasaten ari den mehatxuak eta irainak salatu ditu.
"Gertatzen ari dena kirolak bultzatzen dituen balioen eta bizikidetzaren aurkako eraso zuzena da", esan dute Burgos taldeko arduradunek. Horrelako erasoek "gizartean ez dute lekurik", eta "inork ez luke horrelako jazarpenik jasan behar", gaineratu dute klubetik.
Matosek berak ere sareetan hitz egin du: "Bihotzez sentitzen dut gertatutakoa, Giuliano. Esan beharrik ez dago, agerikoa delako, ez dela nahita egindako sarrera, jokoan gertatutako ezbeharra baizik. Nire esperientziagatik ez nioke inoiz lankide bati minik egingo".