Alaves
SmartBank Liga
Alavesek, hamar jokalarirekin, ezin izan du punturik lortu Oviedon (1-0)
EITB MEDIA
Abqarrek, 71. minutuan, txartel gorria ikusi du, azken atzelaria zela arerio bati falta egiteagatik, eta Luis Garcia Plazaren taldeak handik zazpi minutura jaso du neurketa erabaki duen gola. Bigarren zatian, Oviedo Alaves baino hobeto ibili da.
-
Alaves galtzaile atera da Oviedon, baina lehen postuetan jarraitzen du. Argazkia: @Alaves_eus
Alavesek, hamar jokalarirekin, ezin izan du punturik lortu Carlos Tartiere zelaian, ostiral gauean, Real Oviedoren aurka, eta 1-0 galdu du Asturiasko hiriburuan. Abdel Abqarrek, 71. minutuan, txartel gorria ikusi du, azken atzelaria zela arerio bati falta egiteagatik, eta Luis Garcia Plazaren taldeak zazpi minutu geroago jaso du neurketa erabaki duen gola. Bigarren zatian, Oviedo Alaves baino hobeto ibili da, eta talde gasteiztarrak, horrela, ezin izan du burua sartu zuzeneko igoerako postuetan.
Real Oviedo-Alaves partidako laburpena
Lehen zatia oso parekatua izan da. Indartsu ibili dira bi taldeak, elkar menderatu nahian, baina kemen horrek ez du ekarri, salbuespenak salbuespen, argitasunik baloiarekin ezta gol aukera askorik ere.
Azken minutuetan, aldiz, bizitu egin da jokoa, eta Real Oviedo eta Alaves gehiago gerturatu dira ateetara. 36. minutuan, Vitik, eskuinaldetik, jokaldi polita egin du, eta baloia, erdiraketan, gutxigatik irten da Siveraren atearen gainetik. Jarraian, Alavesek erakutsi du hobeto iritsi dela lehen zatiko amaierara: Salva Sevillak, desbideratuta irten zaion jaurtiketa batekin, Jon Guridik, pase arriskutsua area txikian sartuz, eta Luis Riojak, areaz kanpotik egindako beste jaurtiketa batean, ez dute urrun izan gola.
Bigarren zatian, baina, Oviedo biziago zelairatu da, presio handiagoa egin du, eta Alaves baino gehiago izan da. Lehen ordu laurdenean, etxeko taldea hainbat aldiz izan da gasteiztar taldearen arean. Nolanahi ere, 66. minutuan, Alavesek aukera ona izan du, Marasi esker; serbiarrak ezin izan du errematea ondo bideratu, baina jokaldia nahiko argia izan da.
Neurketako lehen jokaldi gakoa 90.erarako 20 minutu falta zirela iritsi da. Orduan, Abqarrek (txartel horia zuen, lehen zatitik) falta egin dio arean sartu aurretik Real Oviedoko jokalari bati, azken atzelaria izanda; epaileak, VARekin kontsulta eginda, Alaveseko jokalaria kanporatu du. Luis Garcia Plazaren gizonek, ondorioz, ahalegina egin dute Real Oviedoren erasoak kontrolpean izateko, baina 78. minutuan, falta batean erdiratutako baloi bat baliatuta, gol polita sartu du, buruz, Tarinek.
Alaves amaierara arte saiatu da berdinketaren gola sartzen, baina ezin izan du, eta punturik gabe itzuli da Gasteizera, azkenean.
Fitxa teknikoa:
1 – Real Oviedo: Braat; Lucas, Tarin, Dani Calvo, Abel Bretones; Viti (Koba, 73. min.), Luismi, Jimmy (Mangel, 46. min.), Hugo Rama (Montoro, 25. min.); Obeng eta Borja Baston.
0 – Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Maras, Duarte (Javi Lopez, 84. min.); Benavidez (Sedlar, 58. min), Salva Sevilla (Taichi Hara, 84. min.); Luis Rioja, Guridi, Alkain (Laguardia, 73. min.); Miguel de la Fuente (Sylla, 58. min.).
Gola: 1-0, 79. min.: Rodri Tarin.