Alaves
22. JARDUNALDIA
Punturik gabe geratu da Alaves Bartzelonaren aurka partida amaieran (0-1)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteiztarrek 87. minutuan jaso dute neurketako gol bakarra, eta punturik gabe geratu dira.
Alaves punturik gabe geratu da 87. minutuan Bartzelonaren aurka, bigarren zati irekiagoa izan duen partidan. Porrot horrek jaitsiera postuetatik atera ezinda utzi du Mendilibarren taldea.
Aurreikusitako gidoia betez hasi du Bartzelonak neurketa. Berea izan da partidaren aginte-makila eta bereak izan dira lehendabiziko hurbilketa arriskutsuak, baina Alaves ondo jarrita egon da zelaian eta ez du sufritu.
Lehendabiziko abisu serioa Luuk de Jongek eman du 13. minutuan, Pedri Gonzalezen pase baten ondoren, baina herbeheretarrak ezin izan du errematea atera bideratu.
Hala ere, lehen zatia etxekoen kontraeraso arriskutsu batekin amaitu da. Luis Riojak korrikaldia egin, eta Pere Ponsi utzi dio baloia area barruan, baina hark aparteko indarrik gabe jo dio eta Bartzelonaren ate erdira zuzendu du. Ter Stegenek ez du inolako arazorik izan baloia harrapatzeko.
Bartzelona indartsuago zelairatu da atsedenaldiaren ostean, eta lehen 45 minutuetan baino arrisku handiagoarekin hurbildu da Pachecoren atera, baina ezin izan du errematerik egin. Bai, ordea, Pere Ponsek Gasteizko taldearen erantzunean, baina ateari bizkarra emanda egin duen jaurtiketa Bartzelonako ate aurretik igaro da.
Norgehiagoka gehiago ireki da eta bi taldeak erraz iritsi dira aurkariaren areara, baina geldikako baloiak eman dizkio emaitzarik onenak Bartzelonari. Hala, 63. minutuan iritsi da abagune argiena, estrategiako jokaldi batean, baina Luuk de Jongek ezin izan du gola erdietsi, Fernando Pacheco atezainak bikain erantzun baitio.
Beste aldean, eskuin hegaletik oso bizi jardun duen Jason Remeseirok Joselu Mato aurkitu du area barruan, baina galiziarraren burukada indartsuak ez du Bartzelonaren sareetarako bidea aurkitu.
Lehia berdinduta amaituko zela zirudienean, Frenkie de Jong agertu da Bartzelonari urrezko hiru puntu emateko. Herbeheretarrak Ferran Torresen pasea sareetara bultzatu baino ez du egin behar izan.
Alavesek partida berdintzeko azken aukera izan du korner erdiraketa batean, baina Ter Stegen atezaina ondo kokatuta zegoen eta arazorik gabe harrapatu du.
Fitxa teknikoa:
0 - Alaves: Pacheco; Martín, Laguardia, Lejeune, Javi López; Jason, Pina (Moya, 87. min), Escalante, Pons (Miguel, 71. min), Rioja (Édgar, 90. min); eta Joselu.
1 - Bartzelona: Ter Stegen; Dest, Piqué, Araujo, Jordi Alba; Sergio Busquet, Pedri (Lenglet, 90. min), F. de Jong; Abde (Nico, 71. min), Ferrán Torres eta Luuk de Jong (Jutglá, 84. min).
Gola: 0-1, 87. min: F. de Jong.
Epailea: Figueroa Vázquez (Andaluziako Batzordekoa). Txartel gorria atera dio Mendilibar etxeko entrenatzaileari.