Alaves
16. JARDUNALDIA
Gehiegi barkatu duen Alaves punturik gabe bueltatuko da Granadatik (2-1)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Callejaren taldeak aukera garbi ugari huts egin ditu bigarren zatian; hala ere, markagailua orekatzeko gai izan dira, baina, amaierarako 5 minuturen faltan, andaluziarrek gola sartu dute korner batean, eta garaipena etxean geratu da.
Alavesek galdu egin du Granadaren aurka neurketa amaitzeko lau minuturen faltan Santiago Arias kolonbiarrak sartutako golarekin (2-1). Garaipen horrekin Andaluziako taldea jaitsiera postuetatik urrundu da; aldiz, Javi Callejarenak toki horietan buka dezakete jardunaldia, azken bi lehiak galdu eta hiru partida jarraian irabazi ezinda ibili eta gero.
Antonio Puertasek ordu laurdenera sartutako gol batek aurreratu du Granada lehen zatian; merezita berdindu dute bisitariek bigarrenean, hainbat aukera alperrik galdu eta gero, nahiz eta Luis Abram perutarrak bere atean sartu behar izan duen (81. minutua). Handik gutxira, ordea, Santiago Arias kolonbiarrak garaipena etxean gera zedin ahalbidetu du, partidako azken gola erdietsita.
Puertasek inor baino erneago ekin dio zen neurketari; izan ere, zuri-gorrien lehen hurbilketan, buruz gola sartzetik oso gertu egon da, eta bigarrenean, lehen zatiko ordu laurdenaren bueltan, 1-0ekoa lortu du.
Luis Suarez kolonbiarrak ezin izan zuen banakako jokaldi on bati etekinik atera, alabaina, Laguardiak ere ez du behar bezala urrundu arriskua, eta baloia area ertzean zegoen Puertasi iritsi zaio, eta hark Fernando Pacheco gainditu du jaurtiketa eder batekin.
Alavesen erreakzioa ez da oso eraginkorra izan, Joselu Matoren burukada eta Toni Moyaren urrutiko jaurtiketa ez baitira etxekoen atera behar bezala zuzenduta joan.
Aitzitik, bigarren zatia aukera ezin hobearekin hasi da Alavesentzat, huts egitea asmatzea baino askoz zailagoa den horietako batekin, hain zuzen ere. Hala, Toni Moyak ezin okerrago errematatu du Luis Riojak are barruan jarritako erdiraketa, nahiz eta Alaveseko erdilaria bakar-bakarrik zegoen area txikian eta atezaina bere tokitik kanpo.
Minutuek aurrera egin ahala, bisitarien nagusitasuna handitu egin da, eta Joselu Matok ere gertu izan du berdinketa, baina aurrelari galiziarraren ahalegina ate erdira joan da.
Luis Riojari ere ozta-ozta egin dio ihes emaitza orekatzeko parada: lehenengo aukeran, Maximianoren geldiketa bikain bati esker; bigarrenean, angelu gutxirekin egindako errematea kanpora bidali duelako.
Granadak Alaves hobeto kontrolatzen zuela zirudienean iritsi da berdinketa, 81. minutuan, Luis Riojaren erdiraketa urrundu nahian zebilen Luis Abram perutarrak baloia bere ateko sareetara zuzendu duenean.
Hala ere, babazorroen pozak bost minutu besterik ez du iraun, Ariasek bere lehen gola sartu baitu Granadaren elastikoarekin. Etxekoek, korner bat atera dut, Luis Abramek zutoinera bidali du bere burukada, baina aldaratzea Ariasek jaso eta gola eta hiru puntuak etxean gera zitezela lortu du.
Fitxa teknikoa
2 - Granada: Maximiano; Quini, Luis Abram, Torrente, Carlos Neva; Gonalons, Luis Milla (Arias, 80. min), Antonio Puertas (Monchu, 80. min), Escudero (Yan Eteki, 61. min); Luis Suárez eta Jorge Molina (Alberto Soro, 70. min).
1 - Alaves: Pacheco; Martín, Laguardia, Lejeune, Javi López; Loum (Pina, 71. min), Pere Pons (Sylla, 78. min), Toni Moya (Manu García, 56. min); Edgar (Pellistri, 71. min), Luis Rioja y Joselu.
Golak: 1-0 (14. min) Antonio Puertas. 1-1, (81. min) Luis Abram, bere atean. 2-1, ( 86. min) Arias.
Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Granadako Luis Abram (40. min) eta Yan Etekiri (79. min) eta Alaveseko Laguardia (45. min) eta Javi Lopezi (85. min).