Alaves
LALIGA (12. JARDUNALDIA)
Alavesek meritu handiko puntua lortu du Camp Noun (1-1)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bartzelona aurreratu da markagailuan bigarren zatiaren hasieran, baina Luis Riojak partida berdindu du, banakako jokaldi eder baten ostean.
Alavesek balio handiko berdinketa lortu du Bartzelonaren aurka (1-1), kataluniako taldea Sergi Barjuanen agindupean aritu den lehen norgehiagokan, klubeko zuzendaritzak asteazkenean Ronald Koeman entrenatzaile kargutik bota ondoren.
Lehia etxekoen nagusitasunarekin hasi da, eta Pachecoren ordez jardun duen Siveraren gelditu ikusgarriarekin, korner batean Eric Garciak buruz egindako ahalegina era ikusgarrian aldendu baitu Alavesen ordezko atezainak.
Javi Callejaren mutilak ere gola egitetik gertu egon dira beste burukada batean. Duartek bikain erdiratu du falta bat, baina bigarren zutoinean korrika sartu den Edgarrek ez du aukera baliatuta, bere saiakera desbideratuegi joan baita.
Lehen zatia amaitu baino lehen, Barjuanek 'Kun' Agüero ordezkatu egin behar izan du, aurrelari argentinarra zorabiatu eta zelai gainean etzanda egon baita.
Bigarren zatian iritsi dira golak. Lehenik, Bartzelona izan da markagailuan agintzen jarri dena Memphis Depayren areaz kanpotik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin. Aitzitik, gasteiztarrek hiru minutu baino ez dituzte behar izan berdinketa lortzeko. Luis Riojak Bartzelonaren defentsak atzean utzi, Joselurekin hormarena egin eta Ter Stegen gainditu du gola egiteko.
Bisitarien golak Barjuanen taldea amorrarazi du, eta gola egiteko zorian egon dira bi alditan Depayren bidez. Lehenengoan, Gavik baloi ederra eman dio; haatik, herbeheretarraren jaurtiketa Siveraren eskuineko zutoinaren aurka jo du; bigarrenean, berriz, Nico Gonzalez izan da Depayri goleko pasea eman diona, baina orduko horretan Siverak berak aldendu du arriskua.
Gasteiztarrek ere hurbilketa arriskutsuak izan dituzte kontraeraso azkarretan, baina markagailuak ez du aldaketa gehiagorik izan.
Fitxa teknikoa:
1- Bartzelona: Ter Stegen; Mingueza (Balde, 80. min), Eric García, Piqué (Lenglet, 70. min), Jordi Alba; Sergio Busquets, Nico González (Ez Abde, 80. min), Gavi (Riqui Puig, 70. min); Dest, Memphis eta Agüero (Coutinho, 41. min).
1- Alaves: Sivera; Navarro (Martín, 21. min), Laguardia, Lejeune, Duarte; Moya (Manu García, 80. min), Loum, Pere Pons (Tomás Pina, 62. min); Edgar (Pellistri, 62. min), Rioja eta Joselu (Sylla, 80. min).
Golak: 1-0: Memphis Depay, 49. min. 1-1: Luis Rioja, 52. min.
Epailea: Jorge Figueroa Vázquez. Txartel horiak: Antonio Sivera (45. min +5) eta Rubén Duarte (82. min), Alavesen aldetik.