Itxi

Alaves

Dena airean

Espainiako Federazioak helegitea aurkeztu du Ligako partidak atzeratzearen aurka

EITB Media

Kirol Kontseilu Nagusiak Vila-realen eta Alavesen arteko neurketa eta Sevillaren eta Barçaren artekoa atzeratzea erabaki du, Ligaren eskaria aintzat hartuta. Hala ere, Espainiako Futbol Federazioa ez dago ados erabakiarekin, eta errekurtsoa aurkeztu du.

  • Luis Rubiales

    Luis Rubiales, Espainiako Futbol Federazioko presidentea. Argazkia: EITB Media

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak Santander Ligako laugarren jardunaldiko Vila-real eta Alaves taldeen arteko partida eta Sevilla eta Bartzelona taldeen artekoa atzeratzea erabaki du, Ligaren eskaerari kasu eginda. Momentuz, larunbatean jokatu behar ziren bi neurketa horiek atzeratuta daude, datarik gabe, baina Espainiako Futbol Federazioak adierazi du helegitea aurkeztu duela erabaki horren aurka.

UEFAk eta FIFAk babestu egiten dute Espainiako Futbol Federazioak aurkeztu duen helegitea, hiru erakunde horien ustez, Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak hartutako erabakiak aurrekari arriskutsua jarri baitu nazioarteko futbolean. Partidak atzeratzeko erabakia Espainiako Ligan bakarrik hartu dela gaineratu du.

"Kirol Kontseilu Nagusiak hartutako erabakia ez denez behin betikoa, erakunde honek erabakia zuzentzea espero dugu", adierazi du Espainiako Futbol Federazioak astearte honetan publikatu duen komunikatuan.

Kirol Kontseilu Nagusiari astearte honetan bidaliko dizkio alegazioak Federazioak. "Kirol Kontseilu Nagusiak nahikoa denbora du erabakia zuzentzeko, eta horren aurrean behin betiko erabaki bat hartu beharko luke osteguna baino lehen, inplikatuta dauden taldeei eta Espainiako futbolari kalte gehiago ez egiteko", azaldu du Federazioak.

Espainiako Futbol Federazioaren ustez, Kirol Kontseilu Nagusia eta Liga txapelketa kolokan jartzen ari dira, ezberdintasunak eragingo baitituzte maila berean eta txapelketa berean lehiatzen ari diren taldeen artean. Gainera, Federazioaren ustez, Bigarren Maila baztertzen ari dira Lehen Mailan neurriak aldatuz, eta biak dira profesional mailakoak.