Itxi

Alaves

26. JARDUNALDIA

Galdu egin du Alavesek bi goleko aldea alferrik galdu ostean (3-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Babazorroak 0-2 aurreratu dira lehen zati ona eginda, baina neurketako azken ordu erdian behera egin dute, eta Betisek gainditu egin ditu.

0
Betis – Alaves partidako laburpena eta gol guztiak

Alavesek galdu egin du Betisen Santander Ligak 26. jardunaldia itxi duen neurketan (3-2). Gasteiztarrek partida ona jokatu dute lehiaren lehen ordua bete den arte, baita  bi goleko errenta bereganatu ere tarte horretan Joselu Matok eta Edgar Mendezek sartutako golei esker .

Alabaina, etxekoak norgehiagoka iraultzeko gai izan dira azken ordu erdian. Borja Iglesiasen bi golekin eta Joaquin Sanchezen beste batekin. Iglesiasen lehendabizikoa penalti puntutik iritsi da Ruben Duartek Fekirri egindako penaltiaren ostean. Aurrelari galiziarraren bigarrena neurketa amaitzear zegoela etorri da (88. minutua), eta azken emaitza ezarri duena izan da.

Aurretik, Joaquin beteranoak lehia orekatu duen gol ikusgarria erdietsi du aparteko burukada batekin (81. minutua).

Horrenbestez, Abelardo Fernandezen taldeak jaitsiera postuetan amaitu du jardunaldia, 22 punturekin; izan ere, Valladolidek eta Elxek irabazi egin dituzte euren neurketak.

Egoera horrek berebiziko garrantzia aitortzen dio gasteiztarrek Cadizen aurka larunbatean, Mendizorrotzan, jokatuko duten hurrengo partidari (14:00).

Fitxa teknikoa:

3 - Betis: Joel Robles; Emerson, Mandi, Sidnei, Miranda; Guido Rodríguez (William Carvalho, 74. min), Guardado (Joaquín, 46. min); Aitor Ruibal (Borja Iglesias, 46. min), Fekir (Paul, 90. min), Canales; eta Juanmi (Tello, 74. min).

2 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Laguardia, Duarte; Pellistri (Pere Pons, 66. min), Manu García, Battaglia (Tomás Pina, 66. min), Rioja (Córdoba, 86. min); Édgar Méndez (Martín, 75. min) eta Joselu.

Golak: 0-1, 12. min: Joselu. 0-2, 24. min: Édgar Méndez. 1-2, 61. min: Borja Iglesias, penaltiz. 2-2,  81. min: Joaquín. 3-2, 88. min: Borja Iglesias.

Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel horiak: Édgar Méndez, Battaglia eta Ximo Navarro (Alaves).