Itxi

Alaves

Getaferen aurka

Ez golik, ez futbolik (0-0)

L.E.A. | EITB MEDIA

Getafek eta Alavesek hutsean bukatu dute Coliseum Alfonso Perez zelaian jokatutako partida. Arabarrak jaitsiera postuetan dira, 19 punturekin.

0
Getafe – Alaves

Getafek eta Alavesek hutsean amaitu dute Coliseum Alfonso Perez zelaian jokatutako partida. Neurketa orekatua eta trabatua izan da, falta asko egin dituztelako, eta aukera garbi bakarra izan da, madrildarrek lehen zatian izan dutena.

Jaitsiera postuetatik aldentzeko beharrak neurketa oso taktikoa ekarri du, bi taldeek asko neurtu dituzte euren urratsak eta kontu handia izan dute leku arriskutsuetan akatsik ez egiteko.

Lehen zatiko aukera bakarra 39. minutuan izan du Jaime Matak. Area txikitik errematea egin du, korner baten ostean, eta Tachik baloia goleko marraren gainetik atera du.

Bigarren zatian, norgehiagoka asko trabatu da, joko oso gutxi izan da eta etenaldi ugari, falten ondorioz. Horrek ez die ez batari ez besteari mesederik egin, eta bi taldeak ezinean aritu dira aurkariaren areara iristen saiatu diren bakoitzean. Horretan ondo moldatzen diren bi jokalariak, Carlos Aleña eta Manu Garcia, desagertuta ibili dira.

Bigarren zatiko aukera bakarra 89. minutuan izan du Mauro Arambarri uruguaitarrak, baina buruarekin egindako errematea kanpora joan zaio.

Berdinketa honekin, Alavesek 19 puntu ditu eta jaitsiera postuetan jarraitzen du. Getafek, berriz, 24 dauzka, eta sailkapeneko erdiko partean dago.

 

Fitxa teknikoa:

0 - Getafe: Rubén Yáñez; Timor, Etxeita, Soufiane; Damián Suárez, Kubo (Ángel, 78. min), Maksimovic, Arambarri, Cucurella; Aleñá (Portillo, 78. min); eta Jaime Mata.

0 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Tachi, Duarte; Martín Aguirregabiria (Jota Peleteiro, 90. min), Manu García, Tomás Pina, Luis Rioja (Marín, 82. min), Deyverson (Battaglia, 78. min) eta Joselu.