Itxi

Alaves

3-1

Alavesek porrota jaso du Vila-realen aurka eta garaipenik lortu gabe jarraitzen du

Erredakzioa

Arabako taldeak 3-1eko emaitzarekin galdu du Unai Emeryk zuzentzen duen taldearen aurka. Castelloko taldea nagusi izan da eta garaipena lortu du.

1:35
Villarreal - Alaves

Alavesek porrota jaso du Vila-realen aurka (3-1) jokatu duen Santander Ligako 4. jardunaldiko partidan. Arabako taldeak garaipenik lortu gane jarraitzen du, eta puntu bakarra eskuratu du orain arte jokoan egon diren hamabietatik.

Neurketako 11. minutuan abagune bikaina izan du Vila-realek; Moi Gomez area barruan sartu da, pasea eman dio Alcacerri, eta aurrelari espainiarrari hankapetik pasa zaio baloia, errematea egin ez duelarik. Hala ere, bi minutu beranduago, Mariok erdiraketa egin eta Alcacerrek 1-0ekoa sartu du, area barruan bikain errematatuta.

Gola hartu ostean, Alaves berdinketaren bila jotzen saiatu da, baina ezin izan du arriskua sortu Asenjok defendatutako ate inguruan. Vila-realek erraztasunak izan ditu Arabako taldeko defentsen bizkarra bilatzerakoan, eta Pacheco atezainak gola eragotzi behar izan du 25. minutuan Estupiñanen jaurtiketa desbideratuta. Ia jarraian, epaileak Gerard Morenoren gola baliogabetu du, aurrelaria jokoz kanpo zegoelako pasea jasotzerakoan. Sufritzen eta ezinean ibili da Alaves, baina Deyversonek baloia aldendu du bere zelaitik, Asenjok huts galanta egin du areatik irten eta baloia ez jotzerakoan, eta Edgar Mendezek banakoa (1-1) sartu du baloia sare barrura bultzatuta.

Atsedenaldira iritsi aurretik, 44. minutuan, Lejeunek penaltia egin dio Mariori eta Gerard Morenok 2-1koa egin du, hamaika metroetatik Pacheco atezaina gaindituta.

Bigarren zatia hasi eta lasterrean Vila-realek hirugarren gola sartzeko aukera nabarmena izan du, baina Estupiñanen jaurtiketa Pachechok desbideratu du, eta Alcacerren errematea kanpora joan da. Alavesen erantzuna 58. minutuan etorri da; Borja Sainzek pasea eman dio Edgarri, eta baloia gutxigatik kanpora joan da. Bi minutu beranduago, epaileak Moi Gomezen gola baliogabetu du. Norgehiagoka ia erabakita utzi du Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak 66. minutuan Alcacerrek sartu duen 3-1ekoarekin.

Hirugarren gola jaso ostean eta partidaren azken ordu laurdenean izan ditu abagune onenak Alavesek: Asenjo nagusi izan da Lucas Perezen aurkako buruz burukoan, eta Guidettik kanpora bidali du errematea Vila-realeko atezainari iskin egin ostean. Bi taldeetakobat ere ez da gai izan gol gehiago sartzeko eta Vila-realek eskuratu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

3. Vila-real: Asenjo; Mario, Albiol, Pau, Estupiñan (Costa, 77. min); Iborra, Parejo; Moi Gomez (Chukwueze, 83. min), Trigueros (Take Kubo, 75. min); Gerard (Bacca, 83. min), Alcacer (Funes Mori, 83. min).

1. Alaves: Pacheco; Ximo, Lejeune, Laguardia (Ely, 83. min), Duarte (Manu Garcia, 76. min); Edgar (Sergi Garcia, 76. min), Pere Pons, Battaglia, Borja Sainz (Rioja, 66. min); Deyverson (Guidetti, 66. min), Lucas Perez.

Golak: 1-0, 13. min: Alcacer. 1-1, 3. min7: Edgar. 2-1, 45. min: Gerard, penaltiz. 3-1, 67. min. Alcacer.

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Laguardia eta Ximo Navarro Alaveseko jokalariei.