Itxi

Alaves

27. JARDUNALDIA

Alavesek eta Valentziak bana eginda berdindu dute Mendizorrotzan (1-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteiztarrek bigarren zatian orekatu dute lehen zatian Parejok faltaz sartutako gol ikusgarria.

  • Joselu eta Parejo baloi baten borrokan.

    Joselu eta Parejo baloi baten borrokan. Argazkia: EFE

Alavesek eta Valentziak puntuak banatu dituzte Mendizorrotzan (1-1), Santander Ligako hogeita zazpigarren jardunaldia ireki duen partidan. Valentziako taldea Dani Parejoren golari esker aurreratu da lehen zatian. Hala ere, etxekoak markagailua orekatzeko gai izan dira bigarrenean, Edgar Mendezi esker.

Ligako azken bost norgehiagoketatik bakarra irabazi duen Albert Celadesen taldea agintzen hasi da, baina abagunerik sortu gabe. Hala ere, 24. minutuan, Denis Cheryshevek penaltia eskatu du Pachecorekin izandako buruz burukoan. Epaileak ez du halakorik adierazi, ordea.

Geroago, 34. minutuan, Valentziak saria jaso du. Edgarrek falta egin dio Carlos Solerri area ertzean, eta Dani Parejok, maisutasunez gainditu du Pacheco, angelu-angelutik sartu den jaurtiketa bikain batekin.

Valentziarren golaren aurrean, etxekoen erreakzioa etorri da, eta gasteiztarrek euren lehen hurbilketa arriskutsua izan dute; alabaina, Cillessenek estutasunik gabe gelditu du Joseluren burukada, eta hortxe amaitu dira lehen zatiko jokaldirik aipagarrienak.

Aitzitik, neurketaren nondik norakoa aldatu egin da atsedenaldiaren ostean, Alaves zorrotzago aritu baita, partidaren azken txanpan batez ere. Hala, 73. minutuan, babazorroek euren arma nagusietakoa den geldikako jokaldi bat baliatu dute lehia berdintzeko. Falta bat atera dute ia zelai erditik, Victor Laguardiak baloia orraztu du lehen zutoinean, eta bigarrenean adi-adi zegoen Edgar Mendezek Cillessen gainditu du eskuinarekin.

Alavesek gertu eduki ditu hiru puntuak ere 90. minutuan, Lucas Perezek Joseluri area barruan baloia jarri dionean, baina zuhur aritu den Diakhabik urrundu egin du gol itxura zeukan galiziarraren jaurtiketa.

Haatik, luzapenean, Coquelin izan da gola egitetik gertu egon dena. Gainera, valentziarrek Victor Laguardiaren eskua eskatu dute area barruan, baina epaileak ez du ezer adierazi VARaren laguntza jaso eta gero.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Ruben Duarte, Edgar Mendez, Fejsa (82. min), Camarasa (Pere Pons, 76. min), Luis Rioja (Borja Sainz, 65. min), Joselu eta Lucas Perez

1 - Valentzia: Cillesen, Florenzi (Coquelin, 65. min), Gabriel Paulista, Diakhaby, Gaya, Dani Parejo, Kondogbia, Daniel Wass, Carlos Soler, Cheryshev (Rodrigo, 82. min) eta Kevin Gameiro (Gonçalo Guedes, 72. min).

Golak: 0-1, 34. min: Dani Parejo. 1-1, 73. min: Edgar Mendez

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Lucas Perez, Ximo Navarro, Rodrigo Ely, Joselu eta Edgar Mendez (Alaves); Kondogbia, Gaya (Valentzia), Albert Celades (Valentziako entrenatzailea) eta Javier Miñano (Valentziako prestatzaile fisikoa).