Alaves
26. jardunaldia
Alavesek puntu bat bereganatu du Butarquen (1-1)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lucas Perezek aurretik jarri du Gasteizko taldea bigarren zatia hasi eta berehala, baina Carrillok markagailua parekatu du gerora.
-
Edgar Mendez eta Kevin Rodrigues baloi baten borrokan. Argazkia: EFE
Leganesek eta Alavesek beste berdinketa bat sinatu dute bien arteko partidetan (1-1), eta badirudi ohitura bihurtzen ari dela.
Hiru partida jarraian galdu ostean iritsi da etxeko taldea gaurko lehiara, eta, ondorioz, Javier Aguirre entrenatzaileak zuen guztia zelairatu du hasieratik, Carrillok eta Guerrerok elkarrekin jardun baitute.
Aurrean, Asier Garitano buru duen aurkaria izan du Leganesek, hau da, Madrilgo taldea Bigarren B Mailatik Lehen Mailara igoaraztea lortu zuen teknikaria. Bergararrak aurreko jardunaldian Athleticen aurrean plazaratu zuen antzeko hamaikakoarekin ekin dio, Fejsa eta Edgar Mendez izanik nobedade bakarrak.
Norgehiagokako lehen aukera etxeko taldeak izan du, Bustinzak eskuinetik erdiratu eta Oscar Rodriguezek arrisku handiz errematatu duenean, baina Pachecok bikain erantzun dio.
Ondoren, hurbilketa bikoitza egon da beste atean. Lehendabizikoan, Aleix Vidal ezustean harrapatzen saiatu da Cuellar, loratutako baloi batekin; bigarrenean, Laguardiak buruz errematatu du korner bat, eta baloia ateko sarearen goialdera joan da.
Hortik aurrera, lehia itzali egin da atsedenaldira iritsi arte, parekotasuna eta aurkariaren gola jasotzearen beldurra nagusitu baitira.
Aldageletatik itzuli bezain laster, babazorroek ezustean harrapatu dituzte pepineroak, area ertzean egindako jokaldi batekin. Horren ondorioz, Lucas Perez bakarrik geratu da atezainaren aurrean, eta Alaveseko aurrelariak ez du hutsik egin harmailetan bildutako jendearen etsipenerako.
Aguirrek aulkira begiratu du orduan, eta Bryan Gil eta Aitor Ruibal sartu ditu jokatzera. Piezak aldatu baditu ere, jokamoldea antzekoa izan da. Azkenerako, golean amaitu duen erdiraketa heldu da etxekoentzat: Oscarrek maisutasunez jarri du baloia eskuinetik, eta Carrillok burukada bikaina jo du, markagailura oreka eramanez.
Minutuak aurrera joan ahala, puntua ona bihurtu da bientzat, eta, besoak jaitsi ez badituzte ere, ez dute galdu nahi izan hiru puntuen bila joateagatik.
Hori bai, Alaves izan da garaipena lortzeko zorian egon dena. Geldikako jokaldi batean, Lucas Perezek bigarren zutoinean jarri du baloia, eta bertan zegoen Duartek boleakada bikaina jo du, baina Cuellarren erantzuna ere meritu handikoa izan da.
Fitxa teknikoa:
1 - Leganes: Cuellar, Bustinza (Aitor Ruibal, 51. min), Awaziem, Omeruo, Siovas, Kevin Rodrigues, Eraso (Bryan Gil, 57. min), Ruben Perez, Oscar Rodriguez, Carrillo eta Guerrero (Recio, 74. min).
1 - Alaves: Pacheco; Navarro, Laguardia (Magallan, 46. min), Ely, Duarte; Edgar Méndez (Pere Pons, 63. min), Fejsa, Manu García, Aleix Vidal; Joselu (Burke min. 77. min) eta Lucas Perez.
Golak: 0-1, 46. min: Lucas Perez. 1-1, 58. min: Carrillo.
Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak: Bryan Gil, Awaziem eta Ruben Perez (Leganes); Duarte, Fejsa, Aleix Vidal eta Asier Garitano (Alaves).