Alaves
2-1
Alavesek azken hasperenean sartutako gol batekin irabazi dio Athletici
Erredakzioa
Arabako taldeak 2-1eko emaitzarekin lortu du garaipena Mendizorrotzan jokatu den derbian. Elyk 90. minutuan sartu duen golak erabaki du partida.
-
Alaveseko jokalariak, Elyk sartu duen gola ospatzen. Argazkia: EFE.
Alavesek garaipena lortu du Athleticen aurka (2-1) Mendizorrotzan jokatu duen Ligako 25. jardunaldiko euskal derbian. Partidako 90. minutuan Rodrigo Elyk sartu duen golak erabaki du neurketa.
Talde zuri-gorria izan da nagusi lehen minutuetan, eta zazpigarren minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina Pacheco atezainak eragotzi du, Williamsen errematea geldituta. Lau minutu beranduago etorri da Alavesen erantzuna, Unai Simon atezainak aurrea hartu dion arren Lucas Perezi, aurrelaria area barruan errematea egiteko prest zegoenean. Sei minutu beranduago, 17.ean, Athleticek gola sartu du; Yurik pasea eman du hegaletik, Vesgak ez du jaurtiketa egiterakoan asmatu, baina Raul Garciak jaso du baloia area kanpoan, eta 0-1ekoa sartu du, jaurtiketa bikain bati esker.
Lehen golaren ostean, Unai Simonek erantzun ona eman dio Camarasaren erremateari 20. minutuan, eta sei minutu beranduago, Yerayk penalia egin dio Aleix Vidali, Alavesek bikain antolatu duen kontraeraso baten ostean. Lucas Perezek banakoa (1-1) egin du, penalti jaurtiketan Unai Simon atezaina gaindituta.
Atsedenaldira iritsi aurretik, bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu; nabarmenena Athleticek izan du, Muniainek kanpora bota duen falta jaurtiketa baten bitartez.
Bigarren zatiaren hasiera parekatua izan da, eta bi taldeetako bat ere ez da bestea baino gehiago izan. Athleticek penaltia eskatu du 52. minutuan, Ximo Navarrok Muniaini kamisetatik heldu diolako area barruan, baina Mateu Lahoz epailearentzat ez da nahikoa izan penaltia adierazteko.
Azken ordu erdian ia ez da abagunerik egon, nahiz eta Alaves gola sartzetik oso gertu egon den 84. minutuan, Lucas Perezek langara bidali duen jaurtiketa baten bitartez. Alaveseko aurrelariak erdiraketa egin nahi zuen, itxi egin da, eta ez da gutxigatik sare barrura sartu. Amaierako bost minutuetan, atzean sartu da Athletic, eta, 90. minutuan Rodrigo Elyk 2-1ekoa sartu du, Lucas Perezek ateratako falta bat errematatuta. Gol horrek erabaki du partida, eta hiru puntuak eman dizkio Alavesi.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Pacheco; Navarro, Laguardia, Ely, Duarte; Aguirregabiria (Edgar Mendez, 46. min), Manu, Camarasa (Pons, 80. mn), Vidal; Joselu (Burke, 71. min) eta Lucas.
1 - Athletic: Simon; Capa (Lekue, 77. min), Nuñez, Yeray, Martinez, Yuri; Dani Garcia, Vesga, Muniain; Raul Garcia (Aduriz, 80. min) eta Williams (Larrazabal, 85. min).
Golak: 0-1, 17. min: Raul Garcia. 1-1, 28. min: Lucas Perez, penaltiz. 2-1, 90. min: Ely.
Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak atera dizkie Navarro (31. min), Aguirregabiria (33. min), Ely (52. min) eta Pons (86. min) Alaveseko jokalariei, baita Capa (20. min), Nuñez (25. min), Dani Garcia (31. min) eta Iñigo Martinez (31. min) Athleticeko jokalariei.