Itxi

Alaves

Alaves-Betis (1-1)

Aleix Vidalek kritikatu egin ditu Asier Garitano entrenatzaileak egindako aldaketak

Erredakzioa

Alaveseko jokalariak Arabako taldeko entrenatzailea kritikatu du Betisen aurka berdinduta amaitu den partida amaitu ostean. Talde bisitariak 20 minutuz jokatu du jokalari bat gutxiagorekin.

  • Aleix Vidal. Argazkia: EFE

    Aleix Vidal, Alavesekin Betisi sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Aleix Vidal Alaveseko jokalariak kritikatu egin du Asier Garitano entrenatzailea, Arabako taldeak Betisen aurka lortu duen berdinketaren ostean. Golegilea izan da Vidal, eta partida amaieran teknikaria kritikatu du.

Partida eman duten telebistarentzat hitz egin du Vidalek norgehiagoka amaitu ostean. Betisek 20 minutuz jokatu du futbolari bat gutxiagorekin, epaileak Feddal egotzi baitu. "Aurkaria bat gutxiagorekin geratzen denean, abagune gehiago sortzeko aukera duzu, baina defentsako jokalariak ateratzen badituzu erasokoak beharrean, zailagoa da", esan du Alaveseko futbolariak.

Neurketa amaitu osteko prentsaurrekoan, Asier Garitanori gai horretaz galdetu diote, eta hauxe erantzun du entrenatzaileak: "Kontuz ibili behar da esaten denarekin, non zauden jakin behar duzu, eta zure helburuak zeintzuk diren jakin ere, bestela zure aurka etor baitaiteke esandakoa".

Taldeko kapitainetako bat den Victor Laguardiak ez du Vidalek esandakoaz hitz egin nahi izan, baina entrenatzaileak zer egiten duen badakiela argi utzi du: "Garitano jokalari guztien gainetik dago. Urte asko daramatza honetan, eta eskarmentu handia du".