Itxi

Alaves

17. JARDUNALDIA

Alavesek berdindu egin du Leganesekin, galtzen joan eta gero (1-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Joseluk partidako azken txanpan lortutako golak partida orekatzeko balio izan du.

  • Lucas Perez Joseluri zorionak ematen.

    Lucas Perez Joseluri zorionak ematen. Argazkia: EFE

Alavesek eta Leganesek bana (1-1) berdindu dute ostiral honetan Mendizorrotzan. Martin Braithwaite danimarkarrak aurretik jarri ditu bisitariak eta Joselu Matok berdinketa lortu du etxekoen alde, partidako azken txanpan.

Dena den, bi taldeetako batek ere ez du aukera gehiegirik izan neurketan zehar, defentsako jokoa gailendu baita. Dena den, etxeko taldea saiatu da partidaren zama bere gain hartzen, baina madrildarrek osatutako bosteko defentsa gainditzeko beharrezkoa zen sakontasunik gabe.

Lehen minutuetan, ordea, joko bizia ikusi ahal izan da Mendizorrotzako berdegunean, batez ere Asier Garitanoren taldearen eskutik, baina bizitasun horrek ez du askorik iraun.

Gainera, lehendabiziko aukerarik onena Kevin Rodriguesek izan du Leganesen alde, 15. minutuan. Portugaldarra bigarren zutoinean agertu, eta 0 eta 1ekoa sartzeko zorian egon da, baina bere errematea Fernando Pachecoren atearen gainetik joan zaio.

Arabarren hiru zutoinen arteko lehen jaurtiketa 33. minutuan iritsi da. Aleix Vidalek ezker hegalean baloi bat hartu, erdiratu eta hainbat aldaratzeren ostean Lucas Perezi etorri zaio. Hark, buelta erdian, Cuellarren atea bilatu du, baina haren ahalegina ere goregi joan da.

Partida animatu egin da atsedenaldiaren atarian, eta Manu Garciak oso gertu izan du gola 39. minutuan, baina ez dio jaurtiketa norabide egokirik eman Ruben Duarteren paseari.

Atsedenaldira hutsean berdinduta joango zirela zirudienean, Martin Braithwaitek area txikian errematatu du Leganesen jokaldi on bat, eta gola erdietsi du kanpotarrentzat.

Ondoren, beste martxa batekin zelairatu da Alaves aldageletatik bueltan, berdinketaren bila. Hartara, Lucas Perezek ezker hegaletik jarritako baloia sare barrura bultzatzear egon da Joselu, baina Kevin Rodrigues azaldu da azken unean, abagunea bertan behera uzteko (51. min).

Bien bitartean, Javier Aguirreren mutilak kontraerasoren bat noiz agertuko zain egon dira, lehia behin betiko erabakita uzteko xedearekin.

Alavesek ekinean segitu du, eta 81. minutuan izan du saria. Area barruan izandako jokaldi nahasi batean, Ruben Duartek gogor jaurti du area barrutik. Cuellarrek baloiari oztopoa jarri dio, baina ez du esku artean harrapatzeko modurik izan, eta Joseluk aldaratzea aprobetxatu du markagailua parekatzeko.

Gasteiztarrak ez dira berdinketarekin konformatu, eta garaipenaren bila joan dira, baina emaitza guztiz iraultzea lortzeko ahalmenik gabe.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco, Aguirregabiria (Rioja, 70. min), Ximo, Ely, Duarte, Manu García, Pere Pons, Vidal (Magallan, 87. min), Burke (Sainz, 77. min), Joselu eta Lucas Perez.

1 - Leganes: Cuellar, Bustinza, Awaziem, Omeruo, Jonathan Silva, Rodriguez, Ruben Perez, Roque Mesa (Eraso, 78. min), Oscar Rodriguez (Rivera, 57. min), Braithwaite eta En-Nesyri.

Golak: 0-1, 43. min: Braithwaite. 1-1, 81. min: Joselu.

Epailea: Soto Grado. Txartel horiak: Ely eta Joselu (Alaves); En-Nesyri, Omeruo eta Silva (Leganes).