Alaves
Larunbatean, 18:30ean
Alavesek eta Realak denboraldiko azken derbia jokatuko dute
Agentziak | Erredakzioa
Abelardoren jokalariek zazpi jardunaldi daramatzate partidarik irabazi gabe. Donostiarrek, berriz, igandean eten zuten euren bolada txarra, Getaferi Anoetan irabazita.
-
Bi taldeek Anoetan jokatutako derbiaren irudia. Argazkia: Efe.
Alavesek eta Realak ez diote Europan jokatzeko ametsari agur esan nahi, eta horretarako garaipena behar dute Santander Ligako 36. jardunaldian jokatuko duten euskal derbian. Norgehiagoka Mendizorrotzan jokatuko dute.
Arabarrek gipuzkoarrek baino hiru puntu gehiago dauzkate sailkapenean, eta zazpigarren postua begiz jota dute. Liga postu horretan amaituko balute, Europa Ligako atariko kanporaketak jokatuko lituzkete udan. Horretarako derbiko hiru puntuak lortu beharko lituzkete, eta Reala behin betiko lehia horretatik kanpo utzi.
Hala ere, gasteiztarrak denboraldiko momenturik txarrenean dira; zazpi partida daramatzate garaipenik lortu gabe, Leganesen eta Real Valladoliden aurkako neurketetan hiru puntuak lortzetik gertu izan badira ere.
Realari dagokionez, donostiarrek Europan jokatzeko dituzten aukera apurrei eutsi nahi diete, eta horretarako Gasteizen nahitaez gailendu behar dira, eta geratzen diren beste bi jardunaldietan ere garaipena lortu beharko lukete.
Inork gutxik espero du horrelakorik gertatzea, baina Liga bukatzeko hiru partidaren faltan, ametsa gauzatzea posiblea da, matematikoki bada ere, Athleticek baino bi garaipen gehiago lortuta.
Ustezko hamaikakoak
Alaves: Pacheco; Aguirregabiria, Navarro, Laguardia, Duarte; Jony, Tomás Pina, Manu García, Inui; Bastón, Calleri.
Reala: Rulli; Zaldua, Moreno, Aritz, Muñoz; Zubeldia, Sangalli, Merino; Barrenetxea, Oyarzabal, Willian José.
Epailea: Javier Alberola Rojas (Gaztela-Mantxako batzordekoa).
Estadioa: Mendizorrotza.
Ordua: 18:30.