Itxi

Alaves

2-1

Alavesek Espanyolen aurka galdu du eta lau partida jarraian daramatza irabazi gabe

eitb.eus

Arabako taldeak 2 eta 1 galdu RCDE Stadiumean eta bolada txarrean jarraitzen du. Europarako postuetatik aldentzen ari dira Abelardok zuzentzen dituen mutilak.

  • Espanyol - Alaves. Argazkia: EFE

    Pedrosak Pacheco gainditu eta 1 eta 0ekoa sartzen duen unea. Argazkia: EFE

Alavesek 2 eta 1 galdu du Espanyolen aurka RCDE Stadiumean jokatu duen Ligako 32. jardunaldiko partida. Ondorioz, lau partida jarraian daramatza Arabako taldeak garaipenik lortu gabe, eta Europarako postuetatik aldentzen ari da apurka-apurka.

Espanyol izan da baloiaren jabe hasierako minutuetan, eta abagune argirik sortu ez duen arren, atzean sartu du Alaves. Nagusi izan da etxeko taldea, eta 15. minutuan Borja Iglesiasek gola sartu du, baina jokoz kanpo egon da, eta epaileak baliorik gabe utzi du. Hala ere, lau minutu beranduago, Espanyolek 1 eta 0ekoa sartu du, Pedrosaren bitartez. Melendok pase dotorea eman dio esker hegaleko jokalariari eta amaiera ona eman dio Pacheco atezainaren aurrean.

Alaves ezinean ibili da lehen zatian. Defentsako lan ona egin du, baina erasoan ez du ia ezer egin. Arabako taldeak lehen 45 minutuetan izan duen abagune bakarra, 39. minutuan iritsi da, Manu Garciak egin duen erremate baten bitartez, baina Diego Lopez atezainak arazo handiegirik gabe gelditu du.

Bigarren zatiak oso hasiera txarra izan du Alavesentzat, baloia jokoan jarri eta bi minutu beranduago, Espanyolek gola sartu baitu. Melendok pasea eman dio Borja Iglesiasi, aurrelaria area barruan sartu da, eta 2 eta 0ekoa sartu du, baloiak Laguardiaren jo eta Pacheco atezaina gainditu ondoren.

Gol hau jaso ostean, erasora jo du Alavesek. Ez du gol-aukera argiegirik sortu, baina 56. minutuan Jonyk hegaletik egin duen erdiraketa Callerik jaso du area barruan, kontrol ona egin, eta Diego Lopez atezaina gainditzea lortu du (2-1).

Alavesen golak partida nahastea eragin du. Falta ugari bi taldeen aldetik, joko-etenaldi asko, eta abagunerik ez bi taldeetako batentzat ere. Rubi (Espanyol) eta Abelardo (Alaves) entrenatzaileek aldaketak egin dituzte irtenbide bila, gol-aukerak sortzeko asmoarekin, baina alferrik.

Partidaren azken txanpan, Alaves berdinketa lortzen saiatu da aurkariaren areara baloi luzeak jarriz, baina ez du Espanyol arazoetan sartu. Etxeko taldea, aldiz, kontraerasoen bitartez ahalegindu da hirugarren gola sartzen, baina ez du lortu. Amaieran, talde perikitoak eskuratu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

2 - Espanyol: Diego Lopez; Rosales (Javi Lopez, 27. min), Naldo, Hermoso, Pedrosa; Melendo (Duarte, 85. min), Victor Sanchez, Marc Roca, Darder; Borja Iglesias eta Wu Lei (Sergio García, 64. min).

1 - Alaves: Pacheco; Ximo, Laguardia, Rodrigo Ely, Duarte; Inui (Twumasi, min.69), Brasanac (Wakaso, min.69), Manu García, Jony; Bastón (Rolan, min.68) y Calleri.

Golak: 1-0: Pedrosa, 19. min. 2-0: Laguardia (b.a.), 48. min. 2-1: Calleri, 56. min.

Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel horiak atera dizkie Naldo (20. min), Duarte (39. min) eta Darder (53. min) Espanyoleko jokalariei, baita Laguardia (80. min) eta Roca (84. min) Alaveseko jokalariei.