Itxi

Alaves

1-1

Alavesek Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzen du Sevillarekin berdindu ostean

eitb.eus

Arabako taldeak eta Andaluziakoak bana (1-1) bukatu dute Mendizorrotzan. Jonyk sartu du lehen gola, eta Ben Yedderrek egin du markagailua berdindu duena.

  • Alaves - Sevilla. Argazkia: EFE

    Ximo Navarro eta Andre Silva, Alaves - Sevilla (1-1) partidan. Argazkia: EFE

Alavesek eta Sevillak bana (1-1) bukatu dute Mendizorrotzan Ligako 14. jardunaldiko partida. Arabako taldeak 24 puntu ditu, eta Txapeldunen Ligako postuetan (4. postuan) jarraitzen du. Sevilak (27 puntu) lidergoa galdu du eta bigarren dago, Bartzelona (28 puntu) lider berriak baino puntu bat gutxiago baitu.

Lehen zatia oso taktikoa eta lehiatua izan da. Parekotasuna izan da nagusi, eta bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea. Zelai erdian lehia bizia izan da baloiaren jabe egiteko, eta bi taldeen defentsako lana oso ona izan da. Ondorioz, lehen abagunea ez da 32. minutura arte iritsi, eta Alavesek izan du; Duarteren jaurtiketa, ordea, bikain desbideratu du Vaclik Sevillako atezainak. Bi minutu geroago, Sevillaren erantzuna etorri da, baina Ben Yedderrek gehiegi gurutzatu du area barrutik egin duen jaurtiketa. Atsedenaldira iritsi aurretik, 37. minutuan, Sevillako defentsa batek bere aterantz desbideratu du baloia, Callerik jaso du, pasea eman, eta, bigarren zutoinean, Jonyk sare barrura bidali du baloia (1-0).

Bigarren zatiari ondo ekin dio Alavesek, Sevillaren baloi-irteera oztopatuz presio biziaren bitartez. Hala ere, ez du abagune argirik sortzeko aukerarik izan lehen minutuetan. Atsedenalditik bueltatu ondorengo lehen ordu laurdena gaindituta, Sevilla erasokorrago jokatzen hasi da, eta abaguneak izan ditu. 63. minutuan, Promes area barruan sartu da, Pacheco atezainak ondo itxi dio bidea, eta kanpora bidali du jaurtiketa. Minutu bat geroago, Pachecok Sevillaren gola eragotzi du, Mudo Vazquezek area barrutik egindako jaurtiketa hankarekin desbideratuta.

Arabako taldeari asko kostatu zaio erasoko jokaldiak josi eta aurkariaren ate aurrean abaguneak sortzea. Nekea ere igartzen hasi da azken minutuetan, eta Sevilla jokaldi arriskutsu gehiago sortzen hasi da. Ondorioz, 77. minutuan, Ben Yedderrek gola sartu eta neurketa berdindu du (1-1), Sarabiaren pasea sare barrura bultzatuta.

Gola hartu ostean, gora begira jarri da Alaves. Abelardo entrenatzaileak Brasanac atera du Wakasoren ordez, eta Sobrino zelairatu du, Ibairen ordez. Aldaketek bizitasuna eman diote taldeari, eta 88. minutuan izan du garaipenaren gola sartzeko aukera; Brasanacek buruz egin duen erremateak zutoina jo du, eta Vaclik atezainak harrapatu du baloia. Azken minutuetan, bi taldeak saiatu dira gola sartzen, baina bietako batek ere ez du lortu helburua, eta puntu bana eskuratu dute.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco, Martin Aguirregabiria, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Tomas Pina, Wakaso (Brasanac, 73. min), Manu Garcia; Jony, Ibai Gomez (Sobrino, 82. min) eta Calleri (Guidetti, 90. min).

1 - Sevilla: Vaclik; Carriço, Kjaer (Sarabia, 69. min), Sergi Gomez; Mercado (Promes, 58. min), Roque Mesa (Amadou, 46. min), Banega, Franco Vazquez, Escudero; Ben Yedder eta Andre Silva.

Golak: 1-0, 37. min: Jony. 1-1, 77. min: Ben Yedder.

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak atera dizkie Manu Garcia (24. min), Tomas Pina (54. min) eta Guidetti (93.min) Alaveseko jokalariei, eta Roque Mesa (26. min), Sarabia (39. min) eta Vazquez (84. min) Sevillako futbolariei.