Alaves
Igandean, 20:45ean
Alavesek Champions postuetan jarraitu nahi du Sevilla liderrari irabazita
Erredakzioa
Arabako taldea sailkapeneko 4. postuan da 23 punturekin eta talde andaluziarra liderra da, 26 punturekin. Neurketa igandean jokatuko da Mendizorrotzan, 20:45ean.
-
Alaveseko jokalariak iragan denboraldian Sevillari sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek Sevilla liderra izango du aurkari igande honetan, 20:45ean, Mendizorrotzan. Arabako taldea sailkapeneko laugarren postuan da 23 punturekin eta Sevilla lehen postuan da, 26 punturekin.
Talde babazorroak Mendizorrotzan daraman bolada onari eutsi nahi dio, apirilatik ez baitu etxean porrotik jaso. Alavesek Rodrigo Elyren baja du, eta Dani Torres zalantza da. Abelardo Fernandezek aterako duen hamaikakoan Fernando Pacheco izango da atezaina, defentsako lerroa Martinek, Ximo Navarrok, Laguardiak eta Ruben Duartek osatuko dute, zelai erdian Pina, Brasanac eta Manu Garcia egongo dira, hegaletan Ibai Gomez eta Jony, eta aurrealdean Jonathan Calleri. Abelardo entrenatzaileak zelai erdiko jokalari bat kendu eta bi aurrelarirekin joka dezake; kasu horretan Borja Baston sartuko litzateke hamaikakora.
Sevilla lidertzan dago Ligan, baina Europa Ligan Standard Liejaren aurka galtzetik (1-0) dator. Jesus Navas lesionatuta dago, eta ez du jokatuko. Aleix Vidal, aldiz, zalantza da. Luzerako min hartuta dagoen Gonalonsen baja ere badu talde andaluziarrak. Ondorioz, litekeena da Mercadok hegaleko defentsa postuan jokatzea.
Ustezko hamaikakoak:
Alaves: Pacheco; Martin Aguirregabiria, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Ibai Gomez, Brasanac, Manu Garcia edo Borja Bastón, Jony; eta Calleri.
Sevilla: Vaclik; Mercado, Carriço, Kjaer, Sergi Gomez, Escudero; Sarabia, Ever Banega, Franco Vazquez; Ben Yedder eta Andre Silva.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez.
Zelaia: Mendizorroza.
Ordua: 20.45ean.