Itxi

Alaves

Valladoliden aurka (0-1)

Alavesek garaipena lortu du azken hasperenean

Erredakzioa

Ibai Gomezek partidako 93. minutuan sartu duen golak eman dizkio hiru puntuak Arabako taldeari Valladoliden aurka.

  • Ibai Gomez. Argazkia: EFE

    Ibai Gomez, Valladolidi sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek garaipena lortu du Valladoliden aurka (0-1), Ibai Gomezek neurketako 93. minutuan sartu duen golari esker. Partida berdinduta amaituko zela ematen zuenean etorri da Arabako taldeari garaipena eman dion gola.

Norgehiagokako 11. minutuan etorri da lehen abagunea, etxeko taldearena, Anuarrek area kanpotik egin duen jaurtiketa baten bitartez. Valladolid izan da baloiaren jabe lehen zatian, eta Guidettiren saiakera bat izan da Alavesek sortu duen lehen jokaldi arriskutsua, 17. minutuan. Hala ere, talde babazorroaren abagune argiena 34. minutuan iritsi da, baina Calleri errematea egitera joan denean, Nachok baloia lapurtu dio.

Bigarren zatian, partidaren gidoiak berdin jarraitu du. Valladolidek area kanpotik egindako bi jaurtiketaren bidez sortu du arriskua, baina Pacheco atezainak ondo gelditu ditu Toniren eta Nachoren jaurtiketak. Ondoren, Alavesek izan du abagune argia, baina Guidettik kanpora bidali du errematea, atepean. Pixkanaka, Alaves gora joan da, eta estu hartu du Valladolid. Masip atezainak gelditu bikaina egin dio Ibairen jaurtiketa indartsu bati. Geroago, Kekok izan du aukera, baina Pacheco izan da nagusi buruz burukoan.

Partidaren luzapenean, 93. minutuan, Alavesek kontraeraso bikaina antolatu du, Jonyk pasea eman du hegaletik, eta Ibai Gomezek bikain errematatu du baloia sare barrura (0-1). Horrela lortu du Alavesek garaipena, partida ia amaituta zegoenean.

Fitxa teknikoa:

0 - Real Valladolid: Masip; Moyano, Kiko Olivas, Calero, Nacho; Keko (Ivi, 80. min), Borja, Anuar (Michel, 66. min), Toni; Oscar Plano, Enes Unal (Cop, 62. min).

1 - Alaves: Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Ibai Góomez, Wakaso, Darko (Manu, 79. min), Jony; Calleri (Burgui, 62. min), Guidetti (Twumasi, 73. min).

Gola: 0-1, 93. min: Ibai Gomez.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie jokalari hauei: Anuar (41. min), Nacho (50. min), Oscar Plano (86. min), Darko (18. min) eta Martin (45. min).