Alaves
Proiektu estrategikoa
Mendizorrotza handitzea onartu dute instituzioek
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Udalak gehienez ere 22 milioi emateko konpromisoa hartu dute beren gain, hau da, inbertsioaren % 40 Emakidadun izango denak gainontzekoa jarriko du.
Mendizorrotzeko futbol-zelaian sinatu da gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko jardun-protokolo orokorra, estadioa eraberritu eta handitzeko lanak finantzatzeko.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, diputatu nagusi Ramiro Gonzalez eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek bat egin dute futbol-zelaia eraberritzeko planarekin, eta konpromisoa hartu dute, nor bere erakundea ordezkatuz, Gasteizek izan ahal dezan estadio moderno bat, kirol profesionalaren behar berriei erantzuteko gauza izango dena.
Mendizorrotzeko futbol-zelaiak 19.000 ikusle inguru hartu ditzake; 1924an egin zen udal instalazioa, eta zenbait eraberritze-lan egin izan dira bertan, garrantzizko azkena 1997 eta 2000 urteen artean. Gaur egun, eta 2023ra arte, Gasteizen eta Araban erreferentziako kirol erakundea den Alavesek instalazioen lagapen esklusiboa dauka, eta, horregatik, bera arduratu behar da barrutia onik zaintzeaz. Hobekuntza batzuk egin izan diren arren, futbol zelaiak egiturazko akats larriak ditu, segurtasunari eragiten ez diote, baina zaharberritzea eta edukiera handitzea eskatzen dutenak.
Egoera horren aurrean, euskal administrazio nagusiak, eta probintzia eta hirikoak berretsi egin dute eraberritzeko lanari emandako babesa, konbentzituta baitaude hori "aukera bat izango dela ez soilik Gasteizentzat, baita Araba eta Euskadi osoarentzat ere". Proiektu estrategikotzat jo dute.