Itxi

Alaves

4-0

Alavesek jipoia jaso du Santiago Bernabeun

Erredakzioa

Arabako taldeak 4-0 galdu du Real Madrilen aurka. Lehen 40 minutuetan eutsi egin dio lehiari Alavesek; ondoren, ordea, aurkara nagusi izan da. Cristiano Ronaldo (x2), Bale eta Benzema, golegileak.

  • Real Madril-Alaves. Argazkia: EFE

    REal Madrileko jokalariak Balek Alavesi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek 4-0 galdu du Real Madrilen aurka Santiago Bernabeun jokatu duen Ligako 25. jardunaldiko partida. Arabako taldeak hiru garaipen zeramatzan jarraian eta porrot honekin moztu egin da Alavesen bolada ona. Abelardok zuzentzen duen taldeak 28 punturekin jarraitzen du sailkapenean.

Hasieran kosta egin zaio Real Madrili Alavesen zelai erdiko eta atzeko lerroak gainditzea. Hala ere, minutuak aurrera joan ahala, etxeko taldea nagusitzen hasi da. Real Madrilek abagune argi batzuk izan ditu; onena, Balek txilenaz egin duen eta oso gutxigatik kanpora joan den errematea. Hala ere, sustoa emateko aukera izan du Alavesek, baina John Guidettiren jaurtiketa Keylor Navasek gelditu du. Atsedenaldira iritsi baino lehenago, Real Madrilek gola sartu du Cristiano Ronaldoren bitartez (1-0). Benzemak pase dotorea eman dio orpoz eta portugaldarrak ez du barkatu.

Bigarren zatia hasi bezain laster Garteh Balek 2-0ekoa sartu du. Gol horrek bideratuta utzi du Real Madrilen garaipena eta min egin dio Alavesi. Arabako taldea erasora jotzera behartuta egon da, eta horretaz baliatu da Real Madril kontraerasoen bitartez arriskua sortzeko. Partidako 62. minutuan Cristiano Ronaldok 3-0ekoa sartu du, eta neurketa guztiz erabakita utzi du. Amaiera aldera, 89. minutuan, Laguardiak penalti argia egin dio Baleri, Cristiano Ronaldok Benzemari utzi dio penaltia jaurtitzen eta Benzemak 4-0ekoa sartuta biribildu du Real Madrilen garaipena.

Fitxa teknikoa:

Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Nacho, Varane, Theo; Casemiro (Llorente, min. 80), Kovacic (Ceballos, min. 73), Lucas Vazquez; Bale, Benzema eta Cristiano Ronaldo.

Alaves: Pacheco; Alexis, Laguardia, Ely, Duarte; Manu Garcia (Medran, min. 63), Dani Torres, Pedraza (Ibai Gomez, min. 63), Hernan Perez; Sobrino eta Guidetti (Burgui, min. 74).

Golak: 1-0, min.44, Cristiano Ronaldo. 2-0, min.46, Bale. 3-0, min.62, Cristiano Ronaldo. 4-0, min.89, Benzema.

Epailea: Estrada Fernandez.