Alaves
1-0
Alavesek garaipena lortu du Deportivoren aurka eta jaitsieratik gehiago aldendu da
Erredakzioa
Arabako taldeak 1-0 irabazi du Mendizorrotzan. Munirrek sartu du partidako gol bakarra, 60. minutuan.
-
Alaveseko jokalariak Deportivoren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek 1-0 irabazi dio Deportivori Mendizorrotzan larunbat honetan eta garaipen honi esker, Arabako taldeak jaitsiera postuetatik aldentzea lortu du. Hamar puntuko aldea ateratzen dio Alavesek 18. postuan (jaitsiera postua) dagoen Las Palmasi.
Hasieratik bizi eta erasokor atera da Alaves Mendizorrotzako berdegunera. Lehen abagunea 3. minutuan izan du etxeko taldeak, baina Laguardiaren errematea kanpora joan da. Hiru minutu beranduago, abagune oso argia izan du Alavesek; Ruben Duarteren erremateak, ordea, zutoina jo du. Neurketako 11. minutuan etorri da Deportivoren erantzuna Albentosaren erremate baten bitartez eta 17. minutuan Bakkaliren jaurtiketa kanpora joan da, zutoina jo ostean. Abagune horien ostean, lehia parekatu egin da, eta bi taldeetako batek ere ez du gola sartzeko aukera argirik sortu.
Bigarren zatiaren hasieratik saiatu da Alaves partidan aurrea hartzen eta lehen minutuetan Manu Garcia gola sartzetik gertu egon da. Erasora jo du Abelardok zuzentzen duen taldeak atsedenaldiaren ostean eta 60. minutuan jaso du saria, ate barrura joan den Munirren jaurtiketa baten bitartez (1-0). Golak min egin dio Deportivori eta Alaves nagusi izan da aurrea hartu ostean. Kontrolpean izan du neurketa Arabako taldeak eta bigarren gola sartzeko abagunea izan du Ruben Sobrinok 77. minutuan; Alaveseko aurrelaria ez da Pedrazak eman dion pasera iritsi, oso gutxigatik. Deportivo lur jota egon da, eta azken minutuetan ere ez du sortu neurketa berdintzeko aukerarik.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Pacheco; Martín, Ely, Laguardia, Duarte; Ibai Gomez (Hernan Perez, min. 82), Manu Garcia, Pina, Pedraza; Munir (Medran, min. 87) eta Guidetti (Sobrino, min. 71).
0 - RC Deportivo: Ruben Martinez; Juanfran, Albentosa, Boveda (Celso Borges, min. 82), Luisinho; Guilherme, Krohn-Dehli (Mosquera, min. 64); Lucas Perez, Adrian Lopez, Bakkali (Fede Cartabia, min. 73); eta Florin Andone.
Gola: 1-0, min.60: Munir.
Epailea: Melero Lopez.