Itxi

Alaves

2-0

Alaves salbazio postuetara gerturatu da Las Palmasi irabazita

Erredakzioa

Arabako taldeak 2-0 irabazi dio mailari eusteko lehían aurkari zuzena den taldeari. Ibai Gomez eta Munir izan dira golegileak.

  • Alaves-Las Palmas (2-0). Argazkia: EFE

    Alaveseko jokalariak Las Palmasi sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek 2-0 irabazi dio Las Palmasi Mendizorrotzan eta garaipen garrantzitsua lortu du mailari eusteko aurkari zuzenaren kontra. Hiru puntu hauei esker, Arabako taldeak 12 puntu ditu, eta oraindik jaitsiera postuetan dagoen arren (18. postuan), salbazio postuetatik oso gertu dago. Bi neurketa zuzendu dizkio Aberlardok Alavesi eta bietan garaipena eskuratu du Gasteizeko taldeak.

Bikain ekin dio partidari Alavesek; gogotsu, erasokor eta baloiaren jabe izanez. Lehen minutuetan, bi taldeetako batek ere ez ditu abagune argiak sortu, baina 20. minututik aurrera etorri dira gol-aukerak eta  ia denak etxeko taldeak izan ditu. Munirrek izan du lehen abagunea eta bere errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Lehen abagunearen ostean, 24. minutuan, Munirrek beste jaurtiketa bat egin du, Lizoain atezainak desbideratu eta Ibai Gomezek 1-0ekoa sartu du, aldaratzea sare barrura bidalita. Laugarren gola sartu du Ibaik bi partidatan. Gola sartu ostean, areagotu egin da Alavesen nagusitasuna eta 28. minutuan bigarren gola sartzeko abagunea izan du; Ibairen jaurtiketa, ordea, atezainak harrapatu du. Neurketa kontrolpean izan du Alavesek lehen zatian, baina Duarteren huts bat garesti ordaindu ahal izan du. Alaveseko defentsak baloia aldendu beharrean Oussama Tannaneri ostikoa jo dio area barruan, penaltia argia izan da, baina epaileak ez du ezer adierazi, etxeko taldearen mesederako. Neurketako 35. minutuan, Las Palmaseko atezainak Ibai Gomezek egindako beste jaurtiketa bat gelditu du, eta atsedenaldira iritsi orduko, Pacheco atezainak desbideratu egin du Oussama Tannaneren falta jaurtiketa arriskutsua.

Bigarren zatiari ere nagusitasunez ekin dio Abelardok zuzentzen duen taldeak eta sortu duen lehen abagunean gola sartu du. Pedrazak erdiraketa egin du hegaletik eta Munirrek sare barrura bidali du errematea (2-0), Lizoain atezainari eta Lemosi aurrea hartuta. Partida guztian bezala, etxeko taldeak nagusi izaten jarraitu du, eta gol gehiago sartzeko aukerak sortu ditu. Alexisek zutoinera bidali du jaurtiketa 64. minutuan, sei minutu beranduago Lizoain atezainak Arabako taldearen gola eragotzi du Maripanen erremateari erantzun bikaina emanda, eta 73. minutuan Munirrek abagune nabarmena huts egin du atea hutsik egon dela, baloia kanpora botata. Neurketako 79. minutuan Munirrek beste abagune bat izan du, baina behartuta egin du errematea eta Las Palmaseko atezainak arazorik gabe gelditu du. 80. minutuan Christian Santos zelairatu da Munirren ordez eta Venezuelako aurrelariak abagune bikaina izan du berdegunera sartu bezain laster; area barruan egin duen errematea, ordea, gutxigatik kanpora joan da, atezainak ukitu ostean. Las Palmasek ezer gutxi egin du erasoan. Lehen zatian falta jaurtiketa baten bitartez sortu du abagune bakarra eta bigarrenean ere berdin gertatu zaio. Neurketako 88. minutuan falta maisuki jaurti du Lemosek eta baloia oso gutxigatik kanpora joan da. Kontuak kontu, Alavesek ez du sufritu azken minutuetan eta hiru puntuak Mendizorrotzan geratu dira.

Fitxa teknikoa:

2 - Alaves: Pacheco; Martin, Alexis, Maripan, Duarte; Ibai Gomez, Pina (Torres, min. 68), Manu Garcia, Pedraza; Burgui (Medran, min. 76) eta Munir (Santos, min. 81).

0 - Las Palmas: Lizoain; Míchel Macedo, Lemos, Ximo, Dani Castellano; Javi Castellano, Vicente Gomez (Hernan Santana, min 77); Oussama (Hernan Toledo, min.67), Jonathan Viera, Remy; eta Calleri.

Golak: 1-0, m. 23: Ibai Gomez. 2-0, m. 55: Munir.

Epailea: David Medie Jimenez.