Alaves
Zubeldia ordezkatuko du
Alavesek ofizial egin du Gianni De Biasi izango dela entrenatzaile berria
eitb.eus
Italiarrak denboraldi amaierara arte sinatu du, kontratua beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.
-
Gianni De Biasi, Alaveseko entrenatzaile berria. Argazkia: Alaves
Gianni De Biasi izango da Alaveseko entrenatzaile berria, gaur iluntzean talde gasteiztarrak berak ofizialki jakitera eman duenez. Horrenbestez, aurreko astean kargutik kendu zuten Luis Zubeldia teknikari argentinarra ordezkatuko du.
Italiarrak Gasteizko klubak egindako eskaintza onartu eta denboraldi amaierara arteko kontratua sinatu du, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin.
De Biasi eskarmentu handiko teknikaria da, batez ere Italiako ligan, baina Espainiakon ere ibilitakoa da, 2007/2008 denboraldian Levanten aritu baitzen 25 jardunaldiz. Azken boladan baina Albaniako hautatzaile nagusia izan da (2011tik 2017ra), eta bere gidaritzapean selekzio hori lehen aldiz sailkatu zen Eurokopa bat jokatzera (Frantzia 2016).
Zubeldia kargugabetzeko erabakia
Zubeldiaren gidaritzapean, talde babazorroak lau norgehiagoka galdu zituen jarraian, eta ez zuen gol bat bera ere sartu. Alavesek igandean etxean Vila-realen aurka 0-3 galdu ostean hartu zuen zuzendaritzak argentinarra kargutik kentzeko erabakia.
Dena dela, entrenatzailearen aldaketak ez du ekarri klubean espero zuten ondorioa; izan ere, taldeak bosgarren porrota jarraian lortu zuen asteazken honetan Deportivoren aurka, oraingoan Javier Cabello aldi baterako entrenatzailearen aginduetara. Cabello bera izango da babazorroen aulkian larunbat honetan, Real Madrilen kontrako partida zuzentzen.