Itxi

Alaves

25 mila zale Madrilen

Kopako segurtasun dispositiboko lanetan parte hartzen ari da Ertzaintza

eitb.eus

Estadiora behar besteko aurrerapenarekin joateko eskatzen zaie zaleei, inguruan nahiz zelairako sarbideetan egingo diren prebentzio-kontroletan pilaketak saihesteko.

Maiatzaren 27an jokatuko den Errege Kopako finaleko partida ikustera Madrila joango diren Alaveseko 25.000 zaleren segurtasuna ziurtatzeko polizia-dispositiboa antolatzeko lanetan parte hartzen ari da Ertzaintza, eta hainbat agente bertan izango dira partidu egunean. Estadioaren inguruan eta estadiorako sarbideetan jarriko diren kontrolak zorrotzak izango dira, eta behar besteko aurrerapenarekin joateko eskatzen zaie zaleei pilaketarik izan ez dadin.

Larunbatean, hilaren 27an, Madrilen jokatuko den Errege Kopako finalerako prestatutako segurtasun-operatiboa Polizia Kidego Nazionalak koordinatu du beste hainbat erakunderen laguntzaz: Kiroletarako Bulego Nazionala, Errege Etxea, Espainiako Futbol Federazioa, Udaltzaingoa, Mossos d?Escuadra, Ertzaintza, FC Barcelona eta Deportivo Alavés futbol-taldeak eta estadioaren anfitrioia, Atlético de Madrid futbol-taldea.
Bertara joango diren zale guztien segurtasuna ziurtatzeko polizia-dispositiboa antolatzeko egin diren bileretan izan dira Ertzaintzaren arduradunak eta Mendizorrotza estadioan zaintza-lanak koordinatzeaz arduratzen diren agenteak. Kalkuluen arabera, 25.000 pertsona inguru joango dira Madrila, eta Ertzaintzak, beraz, hainbat agente izango ditu estadioan bertan eta Alavesen jarraitzaileak elkartzeko prestatu diren guneetan, Polizia Nazionalarekin lankidetzan jarduteko Arabako jarraitzaileekin ustekaberen bat edo istiluren bat gertatzen bada ere.

Sarbideetako kontrolak

Vicente Calderón estadioaren inguruan jarriko da lehenengo segurtasun-perimetroa, eta sarbideetan bezala hainbat kontrol jarriko dira. Prebentzioko miaketak zorrotzak izango dira, eta zaleei eskatzen zaie, beraz, ohi baino lehenago joatea ilarak eta pilaketak saihesteko. Zelaira sartzeko ezinbestekoa izango da pertsona bakoitzak bere sarrera edo balioko akreditazioa aurkeztea, eta ateetan edo estadio barruan aurkeztu beharko da Antolakuntzak (RFEF), Segurtasun Zerbitzuak edo Poliziak eskatzen badute. Gainera, eskatzen duten kasuetan, dokumentu ofizial bat aurkeztu beharko da nortasuna egiaztatzeko.
Zaleei egingo zaizkien miaketen helburua da indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako Kirolaren Legeak kirol-barrutian sartzea debekatzen dituen objektuak hauteman eta kentzea. Zaleei, beraz, kendu egingo zaizkie arma edo jaurtigai gisa erabil daitezkeen era guztietako objektuak, material piroteknikoa; selfie makilak, aterkiak, botilak eta latak, aerosolak, laser punteroak eta bestelako objektu arriskutsuak, bai eta alkoholdun edariak eta drogak ere. Horrez gain, mezu iraingarriak edo indarkeria bultzatzen dutenak izan ditzaketen edonolako euskarriak, pankartak edo sinboloak ere kontrolatuko dira, eta ez zaie estadioan sartzen utziko istiluak sor ditzaketelako arriskutsutzat jotzen diren pertsonei, bereziki alkoholdun edarien edo drogen eraginpean daudenei edo armaren bat edo debekatutako objekturen bat eramaten dutenei.

Futbol-zelaira ezin da eraman metro bateko luzera eta zentimetro bateko diametroa baino handiagoa duen bandera-mastarik, ez eta alde batera 2 metrotik gora eta bestera 1,5 metrotik gora duen banderarik ere, baldin eta aurretik ez bada jakinarazi eta antolatzaileek ez badute baimendu; debekatuta dago halakoak estadiora sartzea.

Kooperatzeko prest ez dagoenari edo arau hauek betetzen ez dituenari zehapen-espedientea ireki ahal izango zaio eta, gainera, estadioan sartzea debekatu ahal izango zaio, edo estadiotik kanporatu ahal izango da.

Fan zone Cuña Verde parkean

Madrila joango diren Alaveseko zaleen ?Fan zone? edo zaleentzako gunea Latina auzoko Cuña Verde parkean jarriko da. 10.000 metro koadro inguruko eremu horretan aisiarako eta haurrentzako guneak, tabernak eta jateko lekuak jarriko dira, eta musika-emanaldiak ere izango dira. Topaleku horretatik hurbilen dagoen metro-geltokia Lagunakoa da, eta Vicente Calderón estadiora joatekoa Puerta de Toledo. Zaleentzako gune horretatik estadiora Ermita del Santo pasealekutik joan behar da. Zuzenean autobusetan joaten direnentzat, berriz, Vía Carpetana osoan egongo dira seinaleak. Alavesen jarraitzaileak elkartzeko prestatu den gune horretan ere egingo dira segurtasun-kontrolak.

Aisiarako gune hori eta Vicente Calderón estadioarekin komunikatutako kale guztiak segurtasun-eremuaren barruan daude, eta, ondorioz, Kirol-ikuskizunetan egon daitekeen indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako uztailaren 11ko 19/2007 Legea aplikatuko zaie.
Era berean, Lege hori aplikatuko zaie sortzen diren istiluei ere tartean debekatutako elementuak erabiltzen badira, hala nola, armak, arma gisa erabil daitezkeen objektuak, lehergailuak, bengalak edo petardoak.

Diptikoa eta bideoa

Alavés futbol-taldeak kiroleko jokabide onen dekalogoa jasotzen duen diptikoa banatuko du zaleen artean eta bideo bat jarriko du Vicente Calderón estadioan. Biak ere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak egin ditu kiroleko indarkeriaren, arrazakeriaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako Lankidetza Protokoloaren esparruan. Bi ekimenen helburua kirolaren oinarria den errespetua eta era guztietako portaera biolentoekiko intolerantzia sustatzea da.

a sustatzea da.