Itxi

Alaves

Athleticen aurka

Theo Hernandezen gol ederrak garaipena eman dio Alavesi derbian (1-0)

Agentziak | Erredakzioa

Athleticek aukerak izan ditu, lehen zatian batez ere, baina ez du asmatu. Derbiak joko bizia izan du, eta bi taldeek zan dituzte golak egiteko aukerak.

  • Theo goleatzailea eta Iñaki Williams. Argazkia: Efe.

    Theo goleatzailea eta Iñaki Williams. Argazkia: Efe.

Theo Hernandezen gol ikusgarriak garaipena eman dio Alavesi Athleticen aurka Mendizorrotzan jokatutako derbian. Bilbotarrek aukera ederra galdu dute Europan jokatzeko dituzten aukerak sendotzeko, aurkarien emaitzak alde zituztela kontuan izanda.

Frantziarrak egindako golak erabaki du partida, zuri-gorriek lehen zatian hainbat aukera huts egin ostean. Ernesto Valverderen taldea gehiago izan da lehen 45 minutuetan, eta atsedenaldirako golen bat alde izatea merezi izan du.

Bigarren zatian, Pellegrinok zelai erdia egokitu du eta aldeko golarekin emaitza babeste hartu ditu lan gehienak. Bilbotarrek erasora jo dute baina Alavesek ez du atzeko aldean hutsik egin eta azkenean emaitzari eustea lortu du.

Bi taldeek erasoan hasi dute partida, baina bururik galdu gabe. Athleticek Alavesen zelai erdia gainditzea lortu du, pase gutxi batzuekin, baina azken metroetan asmatzea falta zaie.

Aukerak bi ateetan izan dira, Ibai Gomezek izan du argienetariko bat, baina bere jaurtiketa kanpora joan da, Keparen atearen goiko aldetik.

Beñatek eman dio erantzuna beste aukera batekin, baina Igorrekoaren jaurtiketak zutoina jo du, aurretik Alaveseko atzelarik baten gorputza ukituta.

Gauzak horrela, atsedenaldira hutsean iritsi dira bi taldeak.

Partidako gol bakarra 52. minutuan iritsi da. Theo Hernandezek aldaratze bat jaso du eta baloia atean sartu du jaurtiketa ikusgarria eginda.

Gola alde izanda, Alaves erosoago egon da berdegunean eta Mauricio Pellegrinoren taldeak hiru puntuak lortu ditu.

 

 

Fitxa teknikoa

1 - Alaves: Pacheco; Kiko Femenía, Ely, Feddal, Theo; Marcos Llorente, Manu García; Édgar Méndez (Alexis, 83. min), Camarasa (Sobrino, 66. min), Ibai Gómez (Toquero, 74. min); eta Deyverson.

0 - Athletic: Kepa; De Marcos, Yerai, Laporte, Balenziaga (Lekue, 65. min); Beñat (Mikel Rico, 78. min), San José; Williams (Sabin Merino, 84. min), Raúl García, Muniain; eta Aduriz.

Golak: 1-0 52. min: Theo Hernández.