Alaves
Maiatzaren 27an
Errege Kopako finala Vicente Calderon zelaian jokatuko da
Erredakzioa
Espainiako Futbol Federazioak hala baieztatu du Las Rozasen batzarra egin ondoren. Alavesek eta Bartzelonak maiatzaren 27an jokatuko dute final handia, Atletico Madrilen zelaian.
-
Vicente Calderon estadioa. Argazkia: EFE
Espainiako Futbol Federazioak astelehen honetan baieztatu duenez, Errege Kopako finala Vicente Calderon estadioan jokatuko da, maiatzaren 27an. Bartzelona eta Alaves lehiatuko dira tituluaren bila.
Calderonek hartuko duen 14. finala izango da. Iaz ere, Kopako finala Atletico Madrilen zelaian jokatu zen, eta Bartzelonak lortu zuen garaipena, Sevillaren aurka. Alavesek finala San Mamesen jokatzea eskatu zuen, baina ezinezkoa izan da Guns N' Roses taldearen kontzertua izango baita bertan maiatzaren 30ean. Bartzelonak Bernabeun jokatzea eskatu zuen, eta Camp Noun jokatzea ere proposatu zuen.
Vicente Calderon behera botako dute aurten, denboraldi amaieran, eta Atletico Madrilek Peineta (Wanda Metropolitano) estadioan jokatuko du 2017-2018. denboralditik aurrera.