Itxi

Alaves

1-1

Alavesek puntu bat atera du Calderonetik azken minutuan

Erredakzioa

Arabako taldeak eta Atletico Madrilek bana bukatu dute. Gameirok sartu du 1-0ekoa, 91. minutuan, penaltiz, eta Manu Garciak sartu du berdinketa jarri duen gola, 93. minutuan.

Alavesek eta Atletico Madrilek bana bukatu dute Calderonen, LaLiga Santander 2016-2017 denboraldiko lehen partidan. Arabako taldea Lehen Mailan lehiatu da berriro, 10 urteren ostean, eta puntu batekin ekin dio ibilbide berriari. Partidaren luzapenean etorri dira golak.

Atletico Madril izan da baloiaren jabe hasieratik, eta Alaves atzealdean sartuta egon da, kontraerasora ateratzeko zain. Atleticok baloiaren jabetza izan du lehen zatian, baina asko kostatu zaio abagune argiak sortzea. Godinen burukada bat gutxigatik joan da kanpora, Gameiro eta Gabi area kanpotik saiatu dira, baina Alavesek ez du estuasun handirik pasatu. Pellegrinoren taldeak ezer gutxi egin du erasoan, Ibai Gomezen jaurtiketa desbideratu bat besterik ez. Lehen zatiko azken txanpan etorri dira koltxoneroen abagune onenak. 36. minutuan, Kokek pase dotorea eman dio Gameirori, eta honek langa gainetik bidali du jaurtiketa. Atsedenaldira iritsi orduko, 44. minutuan, Carrascoren jaurtiketa bat kanpora joan da zutoina jo eta gero.

Bigarren zatian, ez da partidaren gidoia aldatu, eta Atletico Madril nagusi izan da jokoan. Simeonek zuzentzen duen taldea erasokor zelairatu da, eta bi abisu eman ditu Carrascoren eta Filipe Luisen jaurtiketa banarekin. Pacheco atezainak lan eskerga izan du partida honetan, eta bikain bete du bere lana. 60. minutuan, Godinen erremateari erantzun ona eman dio Pachecok, eta, lau minutu geroago, Godinen beste erremate bat langa gainetik kanpora joan da. Alaves sendo aritu da defentsako lanean, eta Atleticok erasora jotzen jarraitu du. Fernando Torresek abagune argia izan du 72. minutuan, baina errematea kanpora joan da, zutoina jota. Partidako azken minutuetan, Atletico Madrilek erasora jo du itsu-itsuan, eta Alaves ahal izan duen moduan defendatu da. 85. minutuan izan dute koltxoneroek abagunerik argiena, baina Pacheco atezainak gola eragotzi du Gameirori bi gelditu jarraian eginda; lehenengo errematean gelditu ikusgarria egin du, eta aldaratzea ere atepeko marratik atera du. Partidaren luzapenean, 91. minutuan, epaileak Atletico Madrilen aldeko penaltia adierazi du Laguardiak Fernando Torresi area barruan heldu diolako. Gameirok egin du jaurtiketa, eta 1-0ekoa sartu du. Norgehiagoka erabakita zegoela ematen zuenean, Manu Garciak area kanpotik jaurtiketa ona egin du 93. minutuan, eta banakoa jarri du markagailuan. Gol honekin amaitu da partida, eta Alavesek denboraldiko lehen puntua eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

1 - Atletico Madril: Oblak; Juanfran, Savic, Godín, Filipe; Tiago (Fernando Torres, 46. min), Gabi (Gaitan, 57. min); Koke, Saul, Carrasco (Correa, 69. min); eta Gameiro.

1 - Alaves: Pacheco; Kiko Femenia, Alexis, Feddal (Laguardia, 11. min), Raul Garcia; Manu Garcia, Dani Torres, Krsticic (Camarasa, 63. min), Edgar, Ibai; eta Toquero (Santos, 78. min).

Golak: 1-0, 92. min: Gameiro, penaltiz. 1-1, 93. min: Manu Garcia.

Epailea: Iglesias Villanueva.

ias Villanueva.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Alaves berriak