Itxi

Alaves

3-0

Alavesek garaipen handia lortu du Osasunaren aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 3-0 irabazi dio Bigarren Mailako liderrari eta hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu. Toquerok, Estradak eta Manu Garciak sartu dituzte golak.

  • Alaves. Argazkia: EiTB

    Alaveseko jokalariak Toquerok Osasunari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EiTB

Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du Osasunaren aurka (3-0) eta irabazle atera da Mendizorrotzan jokatu den euskal derbian. Hiru puntu hauekin, Arabako taldea Adelante Ligako playoff postuetan kokatzen da, lider jarraitzen duen Osasunarengandik hiru puntura.

Etxeko taldeak indartsu ekin dio partidari eta hasieratik erasokor ibili da. Hasieran Alaves izan da baloiaren jabe, baina Osasunak baino hobeto jokatu arren, ez du abagune argirik sortu lehen bost minutuetan. Dena den, Alavesen ekinak saria izan du 8. minutuan. Pachechok falta bat dotore atera eta Toquerok sare barrura bidali du errematea 1-0ekoa egiteko.

Arabako taldearen golak ez du partidaren gidoia aldatu. Alaves izan da baloiaren jabe, nahiz eta ez dion Osasunari arazo gehiegirik sortu defentsako lanean. Gorritxoek, aldiz, abagune bakarra sortu dute lehen zatian eta gola sartzeko izan duten aukera bakarra 43. minutuan etorri da. David Garciaren errematea, ordea, zutoina urratuz kanpora joan da. Horrenbestez, Alavesen aldeko 1-0ekoarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Bigarren zatia oso bizi hasi da. Bi taldeak erasora jotzeko gogoarekin zelairatu dira, eta atsedenaldiaren osteko lehen minutuak oso irekiak izan dira. Bi taldeak aurkariaren ate ingurura iritsi dira, baina bietako batek ere ez du abagune argirik sortu.

Bizi hasi eta bi taldeen arteko lehia gogorra izan den arren, bigarren zatiari abaguneak falta izan zaizkio. Atsedenaldiaren osteko lehen ordu laurdena igaro ostean, partidaren erritmoa moteldu egin da, eta parekotasuna izan da nagusi. 70. minutuan, ordea, Estradak baloia area kanpoan jaso, aurkariari izkin egin eta 2-0ekoa sartu du Nauzet atezaina gaindituta.

Bigarren gola jaso ostean, Osasuna aldeak murrizten saiatu da, eta 75. minutuan gola sartzeko abagune paregabea izan du Berenguerren bitartez. Alaveseko atezainak, ordea, erantzun bikaina eman dio Osasunako jokalariaren erremateari.

Norgehiagokako azken minutuetan, Alaves izan da nagusi. Etxeko taldeak aldeak handitzeko abagune batzuk izan ditu, baina gola ez da 82. minutura arte iristi. Epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi du, eta Manu Garciak 3-0ekoa egin du penalti puntutik. Horrenbestez, partida erabakita geratu da, eta Alavesentzat izan da garaipena.

Fitxa teknikoa:

3 Alaves: F. Pacheco, Carpio, Laguardia, Pelegrín, Raul Garcia, Femenía (David Torres, 85. min), Mora, Manu Garcia, D. Pacheco (Vadocz, 72. min), Juli (Estrada, 64. min), Toquero.

0 Osasuna: Nauzet, Javier Flaño (Alex B., 57. min), Miguel Flaño, David Garcia, Oier Pucko, Mesa (Merino, 53. min), Olavide (Kenan Kodro, 76. min), Unai Garcia, Roberto Torres, Nino.

Golak: 1-0, 7. min: Toquero. 2-0, 70. min: Dani Estrada. 3-0, 81. min: Manu Garcia (penaltiz).

Epailea: Munuera Montero.