Itxi

Alaves

Gutuna

Alaves, epaileek Liga hasieran hartutako erabakiekin 'kezkatuta'

Agentziak | Erredakzioa

Klubak gutuna argitaratu du, epaileek hartutako erabaki batzuen aurrean "desadostasuna" agertzeko Epaileen Batzorde Teknikoari.

  • Alaves ondo hasi da Ligan, baina epaileak kezka sortzen ari dira. Argazkia: EiTB.

    Alaves ondo hasi da Ligan, baina epaileak kezka sortzen ari dira. Argazkia: EiTB.

Ligako lehen hiru jardunaldietan epaileek hartutako erabaki batzuen aurrean "kezkatuta" agertu da Alaves, eta gutun baten bidez eman du horren berri Alfonso Fernandez de Troconiz presidenteak.

Klubak bere webean kaleratutako gutunean presidenteak azaldutakoaren arabera, Alaves ez dago batere ados denboraldi hasieran Huesca, Oviedo eta Llagostera taldeen aurka jokatutako neurketetan epaileek hartu dituzten hainbat erabakirekin, eta Epaileen Batzorde Teknikoari zuzendu dio kexa hori.

Llagosteraren aurkako porrotean (3-0 irabazi zuen Kataluniako taldeak), Ruben Ruiperez Marin epaileak Alaveseko bi jokalari kanporatu zituen, benetan izan ez zen penalti bat adierazi zuen eta zazpi txartel hori erakutsi zituen; "hori Alavesen aldetik inolako joko bortitzik izan ez zen partida batean", dio agiriak.

14 txartel hori eta bi gorri, hiru partidatan

Ligako lehen hiru jardunaldietan, Gasteizko taldeko jokalariek 14 txartel hori eta bi gorri ikusi dituzte, baina partida horietan "normaltasuna nagusitu da eta ez da jokaldi gogorrik izan", klubaren iritzian.

Epaileen erabaki horien ondorioz, batez ere Llagosteraren aurkako partidakoak kontuan izanik, Alavesek "kexa edo protesta zehatza aurkeztea" erabaki du; izan ere, klubak uste du epaileak kalte "nabarmena" egin ziola Alavesi.

Epailearen lana oso zaila dela onartuta ere, taldearen iritziz, "akats teknikoak" izan ziren igandean, eta horiek eragin handia izan zuten azken emaitzan.

Alavesen ustez, Ruiperez Marinek "hainbat akats tekniko izan zituen, eta Epaileen Batzordearen zirkularretan esandakoarekin bat ez datozen erabaki batzuk hartu zituen". Erabaki horiek, gainera, eragin "nabarmena" izan zuten 3-0eko emaitzan, gutunean jasotakoaren arabera.

"Ez daitezen errepikatu, inorekin"

Llagostera taldeko jokalariek lau txartel hori ikusi zituzten, denak "joko bortitzagatik", eta Alavesek bi jokalari galdu zituen, kanporatuta, baina bi txartel hori bakarrik izan ziren sarrera gogorrak egiteagatik; baloia eskua erabiliz ukitzeagatik eta epaileari oharrak egiteagatik atera zituen gainerakoak. "Irainik edo horrelakorik ez zen izan", eta jokalarien jokabidea "eredugarria" izan zen, klubaren esanetan.

Gasteizko taldeko presidentearen aburuz, akats horiek dagoeneko ez dute konponbiderik, baina aurrerantzean halakorik ez errepikatzea espero du, "ez Alavesekin, ezta Adelante Ligako beste edozein talderekin ere".