Beste kirolak
Europa Ligako final-laurdenak
Bera Berari aldapa gora jarri zaio Blomberg ahaltsuaren aurkako kanporaketa (25-28)
G. P. A. | EITB MEDIA
Imanol Alvarezen taldeak partida oso ona jokatu du, baina ezin izan du Gascan irabazi, eta Europa Ligako lauko finalera sailkatzea are zailago jarri zaio. Edonola ere, Bera Berak beste aukera bat izango du datorren igandean, Alemanian, kanporaketa iraultzeko.
-
Super Amara Bera Bera vs HSG Blomberg. EITB Media
Super Amara Bera Berak 25-28 galdu du Alemaniako HSG Blomberg talde indartsuaren aurka gaur Gascan jokatu duen Europa Ligako final-laurdenetako joaneko partida, eta, horrenbestez, aldapa gora jarri zaio lauko finalera sailkatzeko kanporaketa.
Donostiako taldeak emaitzak erakusten duena baino neurketa hobea egin du, eta Blomberg menderatzeko ahalmena baduela erakutsi du bigarren zatian. Hala ere, ez ditu bere minuturik onenak ondo aprobetxatu, eta, azkenean, hiru goleko errentarekin gailendu zaio Alemaniako taldea.
Norgehiagoka bizi-bizi hasi da, eta gol asko egon dira, bi taldeak oso emankorrak izan baitira erasoan.
Alemaniako taldea laster aurreratu da markagailuan, bi kontraeraso bikain baliatuta. Hala ere, Bera Berako jokalariek ausardia handiz jokatzen jarraitu dute, lehen zatiaren erdialdean txakalaldia izan duten arte.
Blombergek 6 goleko zuloa egin du, eta Donostiako taldea krisialdian sartu da. Alabaina, Imanol Alvarezek Ogonovszky kantxaratu du, eta jokalari hungariarrak Bera Bera berpiztu du, 4 gol sartuta eta erakustaldia eginda.
Lucia Pradesek geldiketa erabakigarriak egin ditu, eta etxekoak ondo aritu dira lehen zatiko azken hamar minutuetan. Horrela, Bera Bera partidan sartuta joan da atsedenaldira.
Bigarren zatia askoz hobeto hasi du etxeko taldeak, eta 19-18 ipini dira markagailuan. Eroso aritu dira kantxan, eta erakutsi dute badutela gaitasuna Blomberg menderatzeko.
Bera Beraren minuturik onenak izan dira. Defentsan sendo ibili dira, eta erasoan arrisku handia sortu dute, baina ate aurrean ez dute hasieran bezain beste asmatu, eta ezin izan dute zuloa egin.
Blombergek, berriz, ez du barkatu, eta neurketaren azken hamar minutuetan ihes egin du markagailuan. Donostiako taldeak ezin izan du erreakzionatu, eta norgehiagoka 25-28 galdu du.
Kanporaketa berez zaila bazen Bera Berarentzat, are gehiago zaildu zaio orain. Edonola ere, 60 minutu gelditzen dira aurretik, eta Imanol Alvarezen jokalariak balentria egiten saiatuko dira.
Itzuliko partida erabakigarria datorren igandean jokatuko dute, Alemanian, eta zuzenean emango dugu ETB4n eta eitb.eus atarian.
FITXA TEKNIKOA
25- Super Amara Bera Bera: Prades, Kostic (atezainak); Elba Alvarez (gol bat, penaltiz), Tchaptchet (1), Ogonovszky (6), Elke Karsten (5, 4 penaltiz), Arrojeria (3), Laura Hernandez (1), Etxeberria (2), Marie Louis, Gavilan (1), Arroyo (1), Micaela Rodrigues, Erauskin (4) eta Menendez.
28- HSG Blomberg-Lippe: Veith, Ludwig (atezainak); Ona Vegue (9, 4 penaltiz), Michalczik, Rasmussen, Kühne (4), Rüffieux (1), Hauf, Tietjen (1), Quist (7), Muhlner, Frey (1) eta Andrea Jacobsen (5).
Epaileak: Alain Rauchs eta Philipe Linster (Luxenburgo). Elba Alvarez, Arroyo, Ogonovszky, Kühne eta Quist egotzi dituzte.
Markagailua (bost minututik bost minutura): 3-2, 4-5, 6-9, 8-12, 11-13, 12-14 (atsedenaldia); 15-16, 17-18, 19-18, 21-21, 23-25,25-28.