Itxi

Beste kirolak

Heriotza

George Foreman boxeolari mitikoa zendu da, 76 urte zituela

Agentziak | EITB Media

Foreman txapeldun olinpikoa izan zen, eta bi aldiz munduko txapelduna pisu astuneko kategorian.

  • George Foreman

    George Foreman Argazkia: EFE

George Foreman boxeolari ohia, pisu astuneko kategorian bi aldiz munduko txapeldun izandakoa (1973an eta 1994an) eta 1968an Mexikoko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuena, 76 urte zituela hil da, bere familiak ostiral honetan boxeolariaren sare sozialetan jakinarazi duenez.

1949an Marshallen (Texas) jaioa, Foremanek zoritxarrek eta baliabide ekonomiko urriek markatutako gaztaroa izan zuen, baina boxeorako grina deskubritu zuen eta etorkizun handiko boxeolari amateurretan lekua egin zuen, Mexiko Hiriko 1968ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina ahaztezina lortu aurretik.

Boxeolari profesional bihurtu zen hurrengo urtean, 1969an, eta 1973an munduko titulua lortu zuen pisu astuneko kategorian, Joe Frazier garaituta Kingstonen (Jamaika).

Titulua defendatu zuen, arrakastaz, Jose Roman puertorricarraren eta Ken Nortonen aurka, Muhammad Aliri Kinshasako (Kongo) 'Rumble in the Jungle' borroka ospetsuan aurre egin aurretik.

1974.a zen, eta borrokaldi hark bost milioi dolar eman zizkion bakoitzari. Garai hartako borroka entzutetsuena izan zen, eta boxeoa maite dutenentzat ere hala izaten jarraitzen du. Garaipena Alik eskuratu zuen, borroka hobeto irakurtzen jakin baitzuen.